Praktika Egokien Eskuliburua jaso dute eskualdeko 18 establezimenduk

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 13a

Diploma jaso duten hainbat establezimentutako jabeak Juan Ramon Corpas kontseilariarekin. TTIPI TTAPA

Baztan, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana eta Xaretara joan dira sariak

Nafarroako mendialdeko 33 establezimenduk Praktika Egokien Eskuliburua jaso dute, mendialdeko turismoaren kalitatea hobetzeko egindako lanagatik. Hain zuzen, hori baita eskuliburu honen helburua, Kalitate Planean ageri den bezala.
Praktika Egokien diploma jaso zuten establezimenduen artean aterpeak, dendak, landa-etxeak, hotelak, artisauak, kirol eta aisialdirako enpresak, museoak, natur eremuak eta turismo bulegoak daude, eta tartean Ttipi-Ttapak hartzen duen eskualdeko aunitz.
Praktika egokien eskuliburua jaso duten eskualdeko establezimenduak honako hauek dira: Narbarteko Bertiz Aterpea, Lesakako Matxinbeltzenea aterpea, Arantzako Aterpea, Doneztebeko Casa Ostiz papertegi-zapata-denda, Elizondoko Ipingi arropa-denda, Doneztebeko Ibarrola mertzeria, Elizondo eta Doneztebeko Maricruz lentzeriak, Elizondoko Argibel optika, Doneztebeko Alustiza lurrindegia, Narbarteko BKZ turismo jarduera enpresa, Elizondoko Jorge Oteiza Museo Etnografikoa, Arizkungo Santxotena eskultura parkea, Urdazubiko leizeak, Anizko Jauregia I eta Jauregia II landa-etxeak, Arizkungo Lazardikoborda I eta Lazardikoborda II landa-etxeak, Elizondoko Urruska landa-etxea eta Urdazubiko Irigoienea Landa Hostala. Sari banaketa otsailaren 6an egin zen Lekunberrin, eta ekitaldian Juan Ramon Corpas Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilaria, Carlos Erce Turismo zuzendari nagusia eta Luis Garate eta Esther Zelaia Cederna-Garalur erakundeko presidente eta kudeatzailea izan ziren.
Bertze aldetik, Kalitate Plan honen osagarri bezala, Turismo Dinamizazio Plana ere sortu zen, turismoa hobetzeko udal erakundeek egindako lana bultzatzeko. Honen arabera, Cederna-Garalurrek dirulaguntza emanen dio Bertizaranako Udalari, Legasa eta Doneztebe arteko Bide Berdea moldatzeko. Proiektu honek 78.512,28 euroko aurrekontua du eta %60ko dirulaguntza jasoko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun