Heldu den astean ailegatuko da Etxalarrera inauteri besta. Mozorroak atera eta egun batzuetako erokerian sartuko da herria. Astelehenean, urtero bezala, gazteen txanda izanen da. Goizean goizetik hasita, baserriz baserri eskean ariko dira goiko eta beheko auzoetan banatuta. Gosaria Elutsan eginen dute, eta bazkariak Usategietako usazaleen txabolan (goiko auzokoek) eta Armitxen (behekoek). Afaltzeko pintxoak izanen dira Elutsan.
Asteartean karrozen txanda izanen da. Eguerdiko 12etatik aitzinera, desfilea eginen da plazatik abiatuta, karrikaz karrika. Herritar guztiak mozorrotuta ikusteko aukera izanen da. Bazkaria Herriko Ostatuan eginen da, eta ondotik, aurtengo nobedade nagusia: bertso-pilota. 18:00etatik aitzinera, Jexux Mari Irazu eta Anjel Mari Peñagarikanok bertso-pilota ikuskizuna eskainiko dute, herriko lau pilotari gazteren laguntzarekin. Pilotariak partida jokatuko dute, eta bertsolariek botillero lanetan bertsoak botako dizkiete euren jokaldiei. Irririk eta umore onik ez da faltako.
Ortzegun gizena, haurrekin
Herriko ttikienak izanen dira inauteriak hasten lehenbizikoak. Ortzegun honetan, otsailak 19, ospatuko dute Ortzegun Gizena, aspaldiko ohiturari segituz, etxez etxe eskean. Urtzaingizen, urtzaingizen, zingar-arrultze, bat ezpada bertze, biyek hobe kantatuz, urtatxak bilduko dituzte goiz osoan, kuadrilla ttikitan banatuta. Arratsaldean, herrian kalejiran ibiliko dira, auzoz auzo antzerkiak eskainiz. Azken urteotan Berako Raul Gartziarekin ikasi dituzte antzerkiak eskolan.