Euskal Kantuzaleen Elkarteak bertze urte batez Haur Kantari Jaialdiak antolatu ditu. Dagoeneko izena emateko epea zabalik dago eta otsailaren 28ra arte egonen da irekia, Kantuzale Elkarteko 948 144706 telefono zenbakian, 948 382658 fax zenbakian edo nafarroagaraia@kantuzale.net helbide elektronikoan. Horrez gain, Nafarroako edozein irrati euskaldunetan ematen ahal da izena. Eskualdeari dagokionez, Xorroxin Irratiaren 948 581226 telefonora edo Leitzako Karrape Irratiaren 948 610914 telefonora dei daiteke. Ikastetxe bakoitzak bi talde, bikote bat eta bakarlari bat aurkez ditzake eta partaide bakoitzak bi kanta egin ditzake, nahi duen modukoa, hau da zaharra, berria edo norberak sortua. Kantuzale Elkartearen gomendioa horixe da, bi kanta aurkeztea.
Martxoaren 28an Elizondon
Jaialdiei dagokienez, lehenbizikoa martxoaren 6an eginen da, 18:00etatik aitzinera Antsoaingo antzokian. Martxoaren 14an, Tuterako Benjamin de Tudela Institutuan izanen da bigarren jaialdia 18:00etan. Hurrengoa, martxoaren 20an, Altsasuko Iortia gune eszenikoan eginen da, 18:00etan. Eskualdea ere bisitatuko du Haur Kantari jaialdiak, martxoaren 28an Elizondoko Lur aretoan izanen baita, 18:00etatik aitzinera. Bukaerako saioa apirilaren 5ean, 11:30-ean izanen da Iruñeko Gaiarre antzokian.
Saio bakoitzera inguruetako partaideak joanen dira eta bukaerako saiora, berriz, aitzineko saioetan nabarmendutako partaideak gonbidatuko dira.
13.000 euroko aurrekontua
Nafarroako Haur Kantari Jaialdiak 13.000 euro inguruko aurrekontua du aurten eta Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kutxak eta Baztan, Tutera, Altsasu, Antsoain eta Iruñeko Udalek eman dute laguntza.