Euria egiten duen aldiro, Antsolokuetan bizi diren lagunak ezin dira errekara begira egon.
Orain dela bi urte, uholde izugarria izan genuen Etxalarren.
Esperientziak gauza franko erakutsi zigun eta 2008an erreka dragatzeko eskaera egin zuen Etxalarko Udalak, Antsolokuetako presatik hasi eta 300 metro goiti joan arte.
Eskaera hau, Ingurugiro Departamentuko Uraren Zerbitzutik ukatu ziguten. Ukazio honen arrazoia «Antsolokuetako presatik goiti dauden grabak gutti direla eta ezin dela justifikatu eremu hori dragatzean sortzen den afekzio anbientalengatik».
Aldi berean, Ingurugiro Departamentua izokinentzako eskala bat egiten ari zen Antsolokuetako presan.Momentu ezin hobea zen erreka dragatzeko, ikusirik erreka nola zegoen. Ikusten da Udala eta Departamenduaren eskaerak ez direla berdin neurtzen, izan ere, momentu horretan ezin zen ukatu gure eskaera. Eskala egiterako orduan argi zegoen afekzioak izanen zirela eta momentu ezin hobea zen dragatze lanak egiteko.
2009. urtean eskaera berdina sartua dugu dagoenekoz. Udaletxetik eskaera hau kontutan izanen dutela espero dugu. Eskaera zuzenki Antsolokuetako auzotik egiten da, hor bizi diren auzotarrak eta beraien ondasunen hobe beharrez.
Patxiku Irisarri - Etxalarko alkatea