Triste gaude gaur. Ttipi-Ttapa Telebista itxi delako gaude triste. Gu guztion ibilbidean mugarri bat izan da Ttipi-Ttapa Telebista. Orain hamar urte eta erdi sortu zenetik, ordu anitz, ilusio eta gogo gehiago, eta euskarazko telebista bat eskualderako sortzeko asmoa egon ziren gibelean. Orain, dirulaguntzen etengabeko murrizketak eta digitalizazioarekin egindako bazterketa legalak, ixtera behartu dute.
Triste gaude gaur, gure ibilbide laboralean eskola ezin hobea izan zen Ttipi-Ttapa Telebistak bere seinalea eten behar izan duelako. Eta bazterrean uzten dituelako hainbat langile, laguntzaile, iragarle eta proiektua partekatu duten erakunde eta pertsona. Horiei guztiei gure elkartasuna helarazi nahi diegu.
Haserre gaude gaur, ikusita agintari batzuen erabakiek zeinen erraz bidaltzen dituzten pikutara makina bat pertsona zein elkarteren ilusio, ahalegin ekonomiko, inplikazio eta ekarpenak. Haserre gaude gaur, Nafarroako Gobernuaren politika anker, oker eta euskararen kontrakoak gure eskubideak zapaldu egiten dituelako. Milaka herritarrei euskarazko komunikabideak izateko eskubidea ukatu egiten dielako.
Amorratzen gaude gaur, euskarak irabazitako plaza bat galtzen ikusten dugulako. Eskualdean ez ezik, Nafarroan, eta Euskal Herri osoan, erreferentziala izan da Ttipi-Ttapa Telebistaren lana, komunikazio aldetik bezala, euskararen normalkuntzan egindako ekarpenagatik.
Amorratzen gaude gaur, eskualdeko kohesio sozialerako, herriak batzeko, elkartegintzaren lana zabaltzeko eta sustatzeko, informazioa hedatzeko, isolatuen bizi direnengana ailegatzeko lantresna bat itxi delako. Eta komunikabide baten itxiera –are gehiago euskarazkoa bada- inoiz ez delako albiste ona.
Triste, haserre, amorratzen gaude gaur, sortzea zenbat kostatzen den ikusita, zeinen erraz desegiten den ikusten dugulako.
Ttipi-Ttapa Telebistako langile eta laguntzaile ohiak:
Jon Abril, Estitxu Fernandez,Joseba Olagarai,Patxi Vila,Jon Altzuguren,Nerea Altzuri,Enara Arrobarren,Maite Bidarte,Xan Harriague,Alaitz Rekondo,