Udal inbertsiorako estatu funtseko dirulaguntza

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 13a

TTIPI TTAPA

4,6 milioi euroko laguntza jasotzeko 43 proiektu aurkeztu dira eskualdean

Krisi ekonomikoari eta langabeziari aitzin egiteko helburuarekin, Espainiako Gobernuak Udal Inbertsiorako Estatu Funtseko dirulaguntzak jasotzeko deialdia zabaldu zuen joan den urte akaberan. Udal bakoitzak, biztanleriaren arabera, gehienez jaso dezakeen kopurua ere zehaztu zuen, eta horren arabera, Ttipi-Ttapak hartzen duen eskualdean 4.670.542 euro banatuko dituela iragarri zuen. Laguntza, noski, ongi hartua izan da udalerrietan, baina proiektuak aukeratzerakoan eztabaidak sortu dira hainbat tokitan. Hori da, adibidez, Bera eta Baztanen kasua. Proiektu guztiak ez ziren aho batez onartuak izan. Bertzalde, dirulaguntza eskaera egiteko azken eguna urtarrilaren 24a izan zen, eta horrek ere sortu zuen zer errana. Zugarramurdiri eskaera epez kanpo egin zuela adierazi zion Espainiako Gobernuak.
Zugarramurdik, ordea, arazoak arazo, eskaera garaiz egin zuela azpimarratu zuen. Ondoko lerro hauetan inguruko udalek aurkeztu dituzten proiektuak bildu ditugu, eta bakoitzak jaso ahal izanen duen gehienezko kopurua ere bai.

«Udal guztiek salbuespenik gabe bete beharko dituzte funtsaren arauak». Hori argi adierazi zuen Espainiako Gobernuak, bertzela, laguntzarik gabe geldituko direlako. Lana sortzen duten obrak finantzatzeko proiektuak baino ez dituzte onartu deialdian, herriko azpiegiturak hobetzeko proiektuak direnak eta kontratatzen diren langileak langabeak baldin badira. Emandako guztia ongi etorria denez, –are gehiago, krisi garaian–, udalerriek pozik hartu zuten laguntza deialdia, eta gure eskualdean denek egin zuten eskaera.
Udal gehienek proiektu bakarra aurkeztu zuten, baina badira batzuk bat baino gehiago presentatu dituztenak: Bertizarana, Elgorriaga, Leitza, Lesaka, Bera, Baztan... Hain zuzen, azken bi horietan eskaeran aurkeztu nahi zituzten proiektuak ez ziren aho batez onartuak izan. Baztanen hiru proiektu
Baztanen, NaBairen aldeko zazpi botoei esker atera ziren aitzinera proposamenak. UPN, ordea, abstenitu egin zen. Aukeratu diren proiektuak «Elizondorako bakarrik» direla leporatu zion NaBairi, eta hiru eskaera egin beharrean, dirulaguntza «obra ttiki gehiagotan» erabiltzearen alde azaldu zen, lanpostu gehiago sortzeko. NaBaik, bere aldetik, hiru proiektuak –Baztan frontoian konponketak, Abastos plazako obrak eta Jaime Urrutia karrikako zolaberritzea– Baztan osorako direla erantzun zion. Gaineratu zuenez, «lan batzuei eman diegu lehentasuna, 1.388 milioi eurorekin ez da denerako ailegatzen». UPNk aurkeztutako proposamenen harira, «balorazio ekonomikorik gabekoak direla» adierazi zuen NaBaik.
Baztango Ezker Abertzalea ere kexu da proiektuak aukeratzeko erabilitako formarekin: «NaBaik Udalean duen gehiengoa baliatuz, bere kabuz hartu ditu erabakiak». Horrekin batera, irizpideak ez eztabaidatu izana ere salatu du Ezker Abertzaleak: «Batzar Nagusiak deitzea litzateke onena, eta proiektuak denon artean aukeratzea. Nahiz eta Baztan guztiak aterako duen probetxua, proiektuak Elizondorako dira eta hori sobera zentralizatzea da».

Beran, frontoia eta haurtzaindegia eztabaidan
Beran ere eztabaidak izan ziren, eta ez ziren mahai gainera atera ziren proiektu guztiak atera aitzinera. Guztira sei proiektu aurkeztu zituzten deialdian: haurtzaindegia, balio anitzeko lokala, Herriko Etxeko obrak, Matzada Plaza eta Kiroldegiko eta Kultur Etxeko lanak. Alkatetzan dagoen EAE-ANV alderdiak frontoiko teilatua konpontzea eta irekiera lizentzia deialdian sartu nahi izan zuen, eta aurten dirulaguntzak izanen direla erranez haurtzaindegia gerorako uztea proposatu zuen. Oposizioan dauden Aralar, EA eta EAJ-PNVk, ordea, haurtzaindegiari eman zioten lehentasuna eta euren sei botoekin onartu zen proiektua. Frontoiarena, aldiz, ANVren aldeko lau botorekin gelditu zen eta ez zen aitzinera atera.

Internet tartean arazoak Zugarramurdin
Udal idazkariek Internet bidez egin behar izan zuten eskaera, aitzinetik iragarritako gehienezko dirulaguntza kopuruaren muga zentimo bakar batean ere gainditu gabe. Horretarako azken eguna urtarrilaren 24a izan zen. Ongi gogoan dute egun hori Zugarramurdiko Herriko Etxean. Espainiako Gobernuko Administrazio Publikoetako Ministerioak Zugarramurdik ez zuela proiekturik aurkeztu adierazi zuen. Udaletxean, ordea, eskaera egina zela nabarmendu dute hasieratik. «Aitzineko egunetan ere saiatu ginen baina arazoak izan genituen. Urtarrilaren 24an, azken egunean, berriz saiatu ginen. Internetekin arazoak eduki genituen, baina azkenean lortu genuen». Horrela azaldu dio idazkariak Ttipi-Ttapari. Oraingoz, erantzunaren zain daude.
Edonola ere, dirulaguntzak onartuz gero, finantzazioa lortzeko obrak aurten egin beharko dira eta 2010eko lehenbiziko hiruhilekoan justifikatu.

Udalerrietako proiektua eta gehienezko laguntza

ARANO,Depositu berritik herrira datorren zati batean hodiak berritzea 22.478 €
ARANTZA,Herriko karrikak konpondu 114.688 €
ARESO,Eskolako fatxada konpondu 50.973 €
BAZTAN,Baztan frontoiaren teilatua eta fatxada konpondu (759.444,89 €)
Elizondoko Abastos plazaren teilatua, fatxada eta forjadoa moldatu (398,055,30 €)
Elizondoko Jaime Urrutia karrikaren zolaberritze lanen bigarren fasea (231.326,72 €) 1.388.827 €
BEINTZA-LABAIEN, Eskolako bizitegia eraberritu 45.663 €
BERA, Mukixu haurtzaindegia haunditu (126.474 €)
Hiltegian balio anitzeko lokala egokitu (154.713 €)
Herriko Etxean igogailua paratu (43.149 €)
Matzada Plaza egin (165.138€)
Kiroldegiko teilatua eta aitzinaldea konpondu (128.447 €)
Kultur Etxeko teilatua moldatu (34.102 €)Denetara652.025 €
BERTIZARANA, Legasako frontoia haunditu (89.533,08 €)
Legasako zabortegia berreskuratu (26.707,02 €)Denetara 117.166 €
DONAMARIA, Eraikin berria egin: beheko solairuan aldagelak eta lehen solairuan erabilera anitzeko lokala 74.335 €
DONEZTEBE, Kiroldegia haunditu 269.376 €
ELGORRIAGA, Plazan konponketak (16.505,05 €)
Armala eta Iturmututako bideak moldatu (22.230,03 €) Denetara38.760 €
ERATSUN, Herriarena den Goikoetxeko teilatua konpondu 29.734 €
ETXALAR, Pistak moldatu (Juanperizenekoborda, Mendiondokoborda eta Urtzailenekoborda) eta Lurrizti auzoan harrizko pareta egin 41.768 €
EZKURRA, Asuncion karrikan pareta bat barrurago sartu, bidea zabaltzeko 32.920 €
GOIZUETA, Olaberritik Maleneko zubira pasealekua egin 144.245 €
IGANTZI, Lesakara doan bidea konpondu 107.255 €
ITUREN, Mutikoen eskola zaharraren egitura konpondu etorkizunean mediku kontsulta egiteko 84.423 €
LEITZA, Haur Eskola moldatu (70.695 €)
Udaletxeko obrak: lehen solairua moldatu eta igogailua jarri (298.468 €)
Alde zaharrean gaizki dauden adokinak konpondu (67.620,46 €)
Hirigintza alorreko konponketa txikiak: bideak, espaloiak... 65.463,32 €)
Oinezkoentzako bi pasabide goratu (Uitzitik datorren sarbidean eta Sagastin) (9.071 €)Denetara 511.319 €
LESAKA, Aparkalekuak herrigunean (117.634,17 €)
Eltzetako pasealekua oinezkoentzat (92.552,70 €)
Legarbaratzea pasealekua egokitu (4.900,60 €)
Erdikoerrotako ubidea kanalitzatzea Bittiria karrikan (49-57 zenbakien artean) (43.848,62 €)
Karmeldarren komentu zaharreko barne aretoak egokitu (125.351,12 €)
Eskribonean (Alondiga) bulegoak egiteko lokala egokitu (106.333,78 €) Denetara 490.257 €
OITZ, Plaza moldatu 27.256 €
SALDIAS, Herriko Etxearen atzekaldeko bi terrazak konpondu, terraza azpikaldea, inguruko lurrak eta eskolako ataria ere txukundu. 21.239 €
SUNBILLA, Ermitagoiarako bidea konpondu 117.166 €
URDAZUBI, Landibar eta Iribere auzoetan argiteria paratu 61.592 €
URROTZ, Mendizale eta ehiztarientzako aterpea mendian 32.389 €
ZUBIETA, Markesina birmoldatu eta herriko bideak moldatu 54.689 €
ZUGARRAMURDI, Mediku kontsulta moldatu 39.999 €

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun