Kantauriko Ur Konfederazioak iaz onartutako Inundabilidade Planaren arabera, urak hartzeko arriskua duten lurretan eginak daude mendialdeko hainbat herri. Plan horren arabera, ez da posible erreka bazterretik ehun metro baino guttiagora eraikitzea. Horrek etorkizunera begira hainbat arazo sortuko lituzke gure herrietan, etxeak edo lantegiak eraikitzeko tokirik gabe utziko bailituzke. Arazo honi aterabidea eman asmoz, hilabete baten buruan Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako udal ordezkariek eta Nafarroako Gobernuak osatutako batzordea sortzea proposatu du EAk eta, NaBaiko bozeraimalea den neurrian, proposamen hori Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko du Maiorga Ramirezek. EAren ustez, eraiki tzeko arazo hauek krisiaren eragina areagotzen ahal dute eta soluzioa eman behar zaie, «herrien garapen ekonomiko, sozial eta urbanistikoari ahalik eta kalte guttien egiteko».
Mendialdeko EAko udal ordezkariak, Nafarroako EAko presidentearekin eta zuzendaritza batzordearekin bildu ziren otsailaren 11n Iruñean. Inguru honetan lana segurtatzeko lur industriala egokitzeko beharra ere antzeman zen bilera horretan. N-121A errepideko lanak gibeleratuak daudela eta honek sortzen dituen eragozpenak ere azpimarratu zituzten mendialdeko EAko hautetsiek. Beratik errepide honetara ateratzeko dagoen segurtasun eskasaz eta Iberbandaren zerbitzuaren gorabeherez ere aritu ziren.