Aurten ere egin dira inauteriak Saldiasen, eta, aspaldiko partez, behar den garaian, fedeak eskatzen duen bezala.
Ortziralean, herriko ostatuan alde-aldeko gosari bat egin, eta puskak biltzera abiatu ziren dozena bat gazte baserrietara. Matteo akordeoilariarekin batean ibili ziren klase guzietako mozorroak: mexikarrak, cowboyak, kupoi saltzailea, Heriotza bera, eta, hari desafio eginez, 110 urteko amatxia. Soto del Realetik ihes eginakoak ere baziren, Saldiasko inauteriak ospatzeagatik eskapu eginak.
Urrutinan hasi, eta Lotzabianen barrena, Loprengo bordara joan ziren kantari. Handik gero, Azkarateko bordara salto batean. Labaienen ere inauteriak zirela aprobetxatuta, kortesiazko bisita egin zuten. Ansolanzeneko Xabinaren dendara joan ziren lehenik, bai esku zabalik hartu ere hark. Handik, Zortzikoa eginez, Labaiengo elkartera sartu ziren umore onean. Puska batez tertulian aritu ondoan, Saldiastik heldu zen basauntz jakiaren usaina hartuta, Tabernera bueltatu ziren afari goxo bat jatera.
Inoteri bigarrenean, berriz, zuriz beztituta ernatu zen herria. Musaldi batekin hasi zuten eguna; gero, gosari-bazkariarekin indarrak hartu, eta etxez etxe abiatu ziren sekulako elur zopekin. Haatik gelditu ziren erronda egin gabe!, eta, Agerralde akordeoilaria guardasolarekin babestuta, ahal zen bezala ibili ziren orain karrikan, orain sukaldeko berokian.
Afaltzeko ere, komeriak. Labaiengo maldan ez gora eta ez behera gelditu ziren bertsolarien autoak elurrarengatik. Behinik behin, lau-laukoan joan eta ekarri zituzten. Etxetik ateratzea nahiko egin zuten Julen Zelaietak eta Egoitz Zelaia Kontxok; hori gutxi ez, eta zirto politak bota zituzten afalondoan. Herriko zenbait gazte ere animatu ziren kantatzera, eta giroa bikaina izandu zen. Gaua akitzeko, Agerraldek dantzaldia eman zuen ostatuan berean.