Urak hartzeko arriskua duten lurretan eraikitzeko arazoak moldatzeko batzordea eskatu du EAk

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 13a, 12:01
Mendialdeko EAko hautetsiak Nafarroako zuzendaritza batzordekoekin bildu ziren otsailaren 11n. TTIPI TTAPA

Mendialdeko udal ordezkariek eta Nafarroako Gobernuak osatuko lukete

Kantabrikoko Ur Konfederazioak iaz onartutako Inundabilidade Planaren arabera, urak hartzeko arriskua duten lurretan eginak daude Nafarroa mendialdeko hainbat herri. Plan horren arabera, ez da posible erreka bazterretik ehun metro baino guttiagora eraikitzea. Bistan da zer suposatzen duen erabakiak inguruko hainbat herritan, Elizondon, Donezteben, Lesakan, Beran, Goizuetan edo Elizondon, handienak bakarrik aipatzeagatik. Horrek, etorkizunera begira hainbat arazo sortzen ditu gure herrietan, etxeak edo lantegiak eraikitzeko tokirik gabe uzten baititu.

Udal ordezkarien eta Nafarroako Gobernuaren arteko batzordea

Arazo honi aterabidea eman asmoz, hilabete baten buruan Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako udal ordezkariek eta Nafarroako Gobernuak osatutako batzordea sortzea proposatu du EAk eta, NABAIko bozeramalea den neurrian, proposamen hori Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko du Maiorga Ramirezek. EAren ustez, eraikitzeko arazo hauek krisiaren eragina areagotzen ahal dute eta soluzioa eman behar zaie, “herrien garapen ekonomiko, sozial eta urbanistikoari ahalik eta kalte guttien egiteko”.

N-121A errepideko lanekin eta Iberbandarekin arazoak

Mendialdeko EAko udal ordezkariak, Nafarroako EAko presidentearekin eta zuzendaritza batzordearekin bildu ziren otsailaren 11n Iruñean. Inguru honetan lana segurtatzeko lur industriala egokitzeko beharra ere antzeman zen bilera horretan. N-121A errepideko lanak gibeleratuak daudela eta honek sortzen dituen eragozpenak ere azpimarratu zituzten mendialdeko EAko hautetsiek. Beratik errepide honetara ateratzeko dagoen segurtasun eskasaz eta Iberbandaren zerbitzuak, batez ere azken bi hilabeteetan izan dituen gorabeheretaz ere aritu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun