Ortziral eguerdian hamar minutuz bakarrik moztuko da aste honetan N-121A errepidea

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 9a

Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, ortziral honetan, otsailaren 13an bakarrik izanen dira leherketak N-121A errepideko zabaltze eta egokitze lanen barrenean eta egun horretan, hamar minutuko mozketa bertzerik ez da izanen.
Nafarroako aldean, Endarlatsa-Bera tartean izanen da mozketa, 67 eta 68 kilometro inguruan, hamar minutuz, ortziral eguerdiko 12:30etik 12:40era.

Txandakako pasabidea

Bertze aldetik, N-121A errepideko zenbait zatitan txandakako bidea emanen da 24 ordutan, egunez seinalisten bidez eta gauez semaforoen bidez. Honela, Endarlatsa-Bera zatian, 69garren kilometro inguruan, Berrizaun inguruan 58garren kilometro inguruan eta Bera-Etxalar zatian, 61 eta 62garren kilometroen inguruan txandaka emanen da bidea.

Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun