Julio Soto nagusitu zen Nafarroako Bertsolari txapelketak Igantziko saioan

ttipi-ttapa 2009ko ots. 9a, 13:28
Julio Soto kantari, larunbatean Igantziko saioan. Bera izan da, orain arte, puntuaziorik handiena lortu duen bertsolaria. TTIPI TTAPA

Betelun, berriz, Erika Lagoma izan zen onena

Nafarroako bertsolari txapelketa aitzinera doaie eta larunbatean, final laurdeneko bigarren kanporaketa jokatu zen Igantzin. Saio horretan, Julio Soto nabarmendu zen. Joan den urteko txapelketan hirugarren izan zen gorritiarra eta aurten ere maila onean dagoela erakutsi zuen. Saio ederra eskaini zien Igantziko Jubilatuen Elkartea betetzen zuten entzuleei eta 199,5 puntu lortu zituen. Bigarren Iñigo Olaetxea lesakarra izan zen, 178,5 punturekin eta gertutik segitu zion Eneko Lazkozek, 177 punturekin. Iker Gorosterrazu erratzuarra laugarren izan zen eta Oier Lakuntza bosgarren, 165,5 eta 165 punturekin. Garazi Taberna beratarra izan zen seigarrena.

Betelun Erika Lagoma garaile

Igandean, berriz, Betelun egin zen final laurdenetako saioa. Honetan, Erika Lagoma lesakarra nagusitu zen. Bere saio txukunari esker 192,5 puntu lortu zituen eta Migel Mari Elosegi “Luze” leitzarra izan zen bigarren, 178 punturekin. Beraz, biek segurtatu zuten finalerdirako txartela. Hirugarren Ander Fuentes “Itturri” zubietarra izan zen, 175,5 punturekin, Iñaki Alemanek 172,5 lortu zituen, Aritz Saraguetak 169,5 eta Iñigo Ibarrak 166,5.

Azken finalaurrekoa larunbatean Tafallan

Hurrengo hitzordua heldu den larunbatean, otsailaren 14an izanen da Tafallan eta beharbada, final laurdenetako saiorik indartsuena izanen da. Bertan, Xabier Terreros lesakarra, Xabier Legarreta aranoarra, Diego Riaño leitzarra, Joxe Juan Zubieta “Etxabe” lesakarra, Ekaitz Astiz eta bost aldiz Nafarroako txapeldun izan den Xabier Silveira lesakarra ariko dira.

Lehenbiziko finalerdia otsailaren 21ean Goizuetan

Ondoren, otsailaren 21ean, Goizuetan hasiko diren finalaurrekoen txanda izanen da. Momentuz, finalerdietarako txartela segurtatua dute Julen Zelaieta txapeldunak eta orain arte jokatutako hiru kanporaketetan bi lehenbiziko postuetan sailkatutako Aimar Karrika, Jon Barberena, Julio Soto, Iñigo Olaetxea, Erika Lagoma eta Migel Mari Elosegik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun