Cedernaren Praktika Egokien Diploma jaso dute eskualdeko hainbat establezimenduk

ttipi-ttapa 2009ko ots. 9a, 13:25
Eskualdeko aterpe, denda, museo, landetxe eta bertzelako zenbait establezimenduk jaso zuten saria. TTIPI TTAPA

Otsailaren 6an eman zituzten sariak Lekunberrin

Nafarroako mendialdeko 33 establezimenduk, Praktika Egokien Eskuliburua jaso zuten joan den ortziralean, otsailaren 6an, Lekunberrin. Ekitaldian, Juan Ramon Corpas, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilaria, Carlos Erce, Turismo zuzendari nagusia eta Luis Garate eta Esther Zelaia, Cederna-Garalur erakundeko presidentea eta gerentea izan ziren. Praktika Egokien diploma jaso zuten establezimenduen artean aterpeak, dendak, landetxeak, hotelak, artisauak, kirol eta aisialdirako enpresak, museoak, natur eremuak eta turismo bulegoak zeuden, tartean ttipi-ttapak hartzen duen eskualdeko aunitz. Eskuliburu edo diploma honekin, mendialdeko turismoaren kalitatea hobetu nahi da, Kalitate Planean bildua ageri den bezala.

Eskualdeko saridunak

Praktika egokien eskuliburua jaso duten eskualdeko establezimenduak honako hauek dira: Narbarteko Bertiz Aterpea, Lesakako Matxinbeltzenea aterpea, Arantzako Aterpea, Doneztebeko Casa Ostiz papertegi-zapatadenda, Elizondoko Ipingi arropadenda, Doneztebeko Ibarrola mertzeria, Elizondo eta Doneztebeko Maricruz lentzeriak, Elizondoko Argibel optika, Doneztebeko Alustiza lurrindegia, Narbarteko BKZ turismo jarduera enpresa, Elizondoko Jorge Oteiza Museo Etnografikoa, Arizkungo Santxotena eskultura parkea, Urdazubiko lezeak, Anizko Jauregia I eta Jauregia II landetxeak, Arizkungo Lazardikoborda I eta Lazardikoborda II landetxeak, Elizondoko Urruska landetxea eta Urdazubiko Irigoienea Landa Hostala.

Legasa-Doneztebe Bide Berdeari dirulaguntza

Bertze aldetik, Kalitate Plan honen osagarri bezala, Turismo Dinamizazio Plana ere sortu zen, turismoa hobetzeko udal erakundeek egindako lana bultzatzeko. Honen arabera, Cederna-Garalurrek dirulaguntza emanen dio Bertizaranako Udalari, Legasa eta Doneztebe arteko Bide Berdea moldatzeko. Proiektu honek 78.512,28 euroko aurrekontua du eta %60ko dirulaguntza jasoko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun