Haur Kantari jaialdietan izen emateko epea otsailaren 28ra arte zabalik

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 6a, 09:55
TTIPI TTAPA

Elizondon martxoaren 28an eginen da eskualdeko saioa eta azkena Iruñean apirilaren 5ean

Euskal Kantuzaleen Elkarteak bertze urte batez Haur Kantari Jaialdiak antolatu ditu. Izen emateko epea otsailaren 28ra arte irekia dago, Kantuzale Elkarteko 948 144706 telefono zenbakian, 948 382658 fax zenbakian edo nafarroagaraia@kantuzale.net helbide elektronikoan. Horretaz gain, Nafarroako edozein irrati euskaldunetan ematen ahal da izena. Eskualdeari dagokionez, Xorroxin Irratiaren 948 581226 telefonora edo Leitzako Karrape Irratiaren 948 610914 telefonora deitzen ahal da. Ikastetxe bakoitzak bi talde, bikote bat eta bakarlari bat aurkez ditzake eta partaide bakoitzak bi kanta egin ditzake, nahi duen modukoa, hau da zaharra, berria edo norberak sortua. Kantuzale Elkartearen gomendioa horixe da, bi kanta aurkeztea.

Martxoaren 6an lehen saioa, apirilaren 5ean azkena

Jaialdiei dagokienez, lehenbizikoa martxoaren 6an eginen da, arratsaldeko 18:00etatik aitzinera Antsoaingo antzokian. Martxoaren 14an, Tuterako Benjamin de Tudela Institutuan izanen da jaialdia 18:00etan. Hurrengoa, martxoaren 20an, Altsasuko Iortia gune eszenikoan eginen da 18:00etan. Eskualdea ere bixitatuko du Haur Kantari jaialdiak, martxoaren 28an Elizondoko Lur aretoan izanen baita, arratsaldeko 18:00etatik aitzinera. Bukaerako saioa apirilaren 5ean, goizeko 11:30ean izanen da Iruñeko Gaiarre antzokian. Saio bakoitzera inguruetako partaideak joanen dira eta bukaerako saiora, aitzineko saioetan nabarmendutako partaideak gonbidatuko dira.

13.000 euroko aurrekontua

Nafarroako Haur Kantari Jaialdiak 13.000 euro inguruko aurrekontua du aurten eta Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kutxak eta Baztan, Tutera, Altsasu, Antsoain eta Iruñeko Udalek babestuta lortuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun