Errekako senior elite kategoriako pilota txapelketako finalerdiak jokatuko dira asteazken arratsaldean Donezteben

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 4a, 12:10

Kadete eta jubenil mailan erabaki dira finalistak eta benjamin, alebin eta infantiletako finalerdiak otsailaren 15ean jokatuko dira

Erreka elkarteak zazpigarren urtez antolatutako eskuz binakako pilota txapelketako finalerdiak jokatuko dira otsailaren 4an, asteazken arratsaldeko 19:00etatik aitzinera Doneztebeko pilotalekuan. Lehenbizikoan, Aurrera Saiaz elkarteko Ontsalo aresoarra eta Xabi Arraztoa iruritarra, Hernaniko Esnal eta Gorrotxategiren kontra ariko dira. Bigarren finalerdian, Berako Gure Txokoako Joseba Pikabea aranztarra eta Gaizka Otxandorena almandoztarra, Aurrera Saiazeko Renobales eta Añorgako Koldo Galarragaren kontra ariko dira.

Bigarren mailako seniorrak final laurdenetan

Bigarren mailako seniorrak koxka bat gibelerago daude eta final laurdenetako partidak jokatuko dituzte egunotan. Hiru, asteazken arratsaldeko 17:00etatik aitzinera jokatuko dira Berako Eztegara pilotalekuan. Lehenbizikoan, Irurtzungo Bi-Aizpeko Iriarte eta Arano, Aurrera Saiazeko Apezetxea eta Zubiriren kontra ariko dira. Bigarrenean, Hernaniko Oiaga eta Grajal, Huarteko Kortabarria eta Errekako Baleztenaren kontra eta hirugarrenean, Usurbilgo Errasti eta Urruzola, Arbizuko Aldabideko Ezkurdia eta Arrutiren kontra. Final laurdenetako laugarren partida ortzegunean, otsailaren 5ean, arratseko 20:00etan jokatuko dute Donezteben Aldabideko Zaranton eta Agirrek, Añorgako Jauregi eta Lertxundiren kontra.

Jubenil eta kadete mailako finalistak erabakiak

Jubenil mailan, bi multzo osatu dira Errekako txapelketarako eta multzo bakoitzeko finalak jokatu ziren otsailaren 1ean Donezteben. A multzoan, Manterola eta Arzelusek 18 eta 4 irabazi zieten Loidi eta Lukin-i; B multzoan, Hernaniko Arrieta eta Azpitartek 18 eta 13 irabazi zieten Aurrera Saiazeko Sukia eta Arratibel-i. Beraz, martxoaren 7an Donezteben jokatuko den final nagusian, seguruenik jubenil mailan ari diren pilotarien artean aurrelari onena, Arrieta, eta atzelari onena, Arzelus, izanen dira aurrez aurre.
Kadete mailan, berriz, finalerdiak erabaki ziren Donezteben. Etxarri-Aranazko Gure Pilota elkarteko Ijurra eta Lasak 18 eta 7 irabazi zieten Errekako Zestau eta Karrioni eta Andoaingo Ariztimuño eta Ulangak 18 eta 10 irabazi zieten Añorgako Cristobal eta Lizasori. Beraz, finalean, Ijurra eta Lasa eta Cristobal eta Lizaso izanen dira aurrez aurre.

Ttikienen finalerdiak otsailaren 15ean

Benjamin, alebin eta infantil mailako finalerdiak otsailaren 15ean Hasiera batean otsailaren 5ean jokatzekoak baldin baziren ere, benjamin, alebin eta infantil mailako finalerdiak otsailaren 15ean jokatuko dira Donezteben.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun