Inauteriak ortzegunarekin hasiko badira ere, egun nagusia larunbata izanen da, karrozen eguna. Ez du beharbada Sunbillako inauterietako karrozen desfileak adinako oihartzunik inguruan zein kanpoan, baina urtetik urtera gero eta indar haundiagoa hartzen ari dira Doneztebeko karrozak. Orain dela urte batzuk arte, 15 urtetik goitiko gazteak baino ez ziren karrozak egin eta karrikara ateratzen zirenak. Orain, ordea, ekimena zabaldu egin da eta gazteek ez ezik, haur eta helduak ere ateratzen dira.
Karrozen desfilea gero eta gehiago hedatzen ari den seinale da karroza kopuruak izan duen gorakada. Joan den urtean inoiz baino gehiago egin ziren, eta halaxe baieztatu digu Eduardo Oiartzabal zinegotziak: “iaz hamar bat karroza atera ziren, eta karroza gehien atera diren urtea izan zen”. Baina karrozez gain, gisa guztietako mozorroak ikusteko aukera izaten da desfilean. Merezi du bai karroza eta mozorrorik onenak karrikaratzea, sariak ere banatzen baititu Udalak. Aurten ere hala izanen dela ziurtatu digu Oiartzabalek.
Eta guztia prest egon dadin, Udala Eguberrien ondotik hasi zen prestaketa lanetan. Inauteriak Udalak antolatzen ditu Donezteben, baina egitaraua zehazteko gazteekin bildu ohi da. Inauterietarako oraindik ia bi aste gelditzen badira ere, laster ailegatuko dira egunak, eta seguru, karrozak akituak ez badaude, akitzear egonen direla. Ea bada, zeinentzat diren aurtengo sariak!
Egitaraua
OTSAILAK 19 ortzeguna
20:00 Triki poteoa
21:00 Afaria Aranzoko Elkartean, akordeoiarekin
OTSAILAK 20 ortzirala
09:30 Baserrietan eskea
14:00 Bazkaria Aranzoko Elkartean
17:00 Baserrietan eskea
21:00 Kuadrilen afaria
OTSAILAK 21 larunbata
12:00 Bazkaria Arozena ostatuan
16:30 Karrozen desfilea Aparandik aterata
22:00 Kuadrilen afaria
Corcor txaranga