Martxoaren azken ortzeguna arte beha egon beharko da Euskal Herriko Laborantza Ganbara elkartearen kontrako epaia ezagutzeko. Baionako auzitegiak egun hortan jakiterat emanen du zer neurri hartuko duen batasun horren kontra. Prefetak salaketa eman zuen taldearen kontra eta Pirineo Atlantikoetako laborantza ganbara akusazio partikular gisa agertu da auzian. Beren ustez, EHLG elkarteak nahasmena sortzen du, eta gainerat, ez dute begi onez ikusten holako talde batek ganbara ofizialaren lan berak egin nahi izatea.
Frantziako legediaren arabera, Michel Berhokoirigoin presidentari urte bateko presondegi zigorra eta 15 000 euroko isuna eman diezaiokete, eta elkartea debekatzen ahal da. Urtarrilaren 29an Baionan egin zen kasik 10 oreneko auzian, prokuradoreak ez zuen holakorik galdegin batasunaren izena aldatzea eskatu baitzuen. Abokatek ezezkoa eman zioten galdeari eta Berhokoirigoin gerokorik gabe uztea galdetu zuten.
Elkartasun kate haundia sortu da auziaren inguruan, bi mila bildu baitziren Baionan auziaren egunean. Bertzalde, zazpi mila sustengatzaileen artean, mota guzietako hautetsiak, ordezkariak eta herritarrak daude: José Bové sindikalista ezaguna, Danielle Miterrand France Liberté fundazioko buruzagia, Gérard Onesta eurodiputatu ferdea...
Senpereko hautetsi ainitzek ere elkartasuna erakutsi diote EHLG elkarteari: Christine Bessonart andere auzapezak, auzapez orde gehienek, gehiengoko kontseilari gehientsuenek eta abertzale taldeko bi ordezkariek.