Andaluziara eta Xabierrera bidaiak antolatu ditu Arkupeak elkarteak martxoan

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 3a, 15:43

Andaluziarako izen ematea otsailaren 4an, asteazken goizean egin behar da

Arkupeak erretiratuen elkarteak berriz ere bere bidai eta ekitaldi egitarauari helduko dio udaberrian eta martxorako bi bidai prestatu ditu. Andaluziara bidaia antolatu dute martxoaren 17tik 26ra. Oraindik egutegian urruti ikusten badugu ere, aipatzekoa da bidai honetarako izen ematea asteazken honetan, otsailaren 4n, egin behar dela. Izena ematerakoan jakinaraziko zaie interesatuei noiz eginen den bidaiaren xehetasunak argituko dituen bilera. Bidaiari dagokionez, Arkupeak elkarteko bazkideek Kordoba, Fuengirola, Malaga, Nerja, Granada, Ubeda eta Baeza bisitatuko dituzte. Bidai honen prezioa 590 eurokoa da eta bakarkako logela nahi duenak 198 euro ordaindu beharko ditu. Aipatu bezala, izen ematea otsailaren 4an, goizeko 11:00etatik 12.30era egin behar da, 948 450878 telefonora deituz.

Martxoaren 12an Xabierrera

Andaluziako bidaia baino lehenago, martxoaren 12an, Xabierko gaztelura egun bateko ateraldia antolatu du Arkupeak elkarteak. Gazteluko elizan erromesen meza aditzeko asmoa dute eta gero, Xabierko jatetxean bazkaldu. Ondotik, musika eta dantzaldia ere izanen dute, ohikoa denez. Bidai honetarako izen ematea otsailaren 16tik 27ra egin behar da eta hondar egun honen ondotik, ez da bertze inor onartuko. Egun osoko prezioa 30 eurokoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun