457 erreklamazio erantzun zituzten iaz eskualdeko Kontsumitzaileendako informazio bulegoetan

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 3a, 15:29

Gehienak oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten enpresen eta etxebiziten ingurukoak

Irache kontsumitzaile elkarteko Mikel Bezunarteak eskualdean kudeatzen dituen Kontsumitzaileendako Informazioa bulegoetan, 457 erreklamazioa aurkeztu ziren 2008garren urtean. Horietatik 149 Lesakako bulegoan jaso ziren, 147 Baztangoan, 127 Leitzakoan eta 34 Bertizaranakoan. Iracheko teknikaria, normalean bi astetik behin etortzen da udal bulego bakoitzera eta erreklamazioak eta kontsultak bideratzen, komunikabideetan kolaborazioak egiten, kontsumoari buruzko doaneko argibideak ematen eta ikastaroak eta hitzaldiak prestatzen ematen du denbora. Kontsumoarekin zerikusia duten aferetan laguntza juridikoa ere ematen du eta bitartekari lana ere egten du, epaitegira joan gabe aferak konpondu nahian. Hori posible ez denean, Kontsumo sailan nola Administrazioko gainerako sailetan salaketak aurkezten ditu eta epaitegira joan behar izanez gero, laguntza ematen du. 2008an 5 salaketa jarri ziren eskualdean, Kontsumitzailearen informaziorako udal bulegoen bitartez, Bortzirietan eta Leitzan bina eta bakarra Baztanen.

Oinarrizko zerbitzuak eta etxebizitza

Oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten enpresek, telefono, telebista, internet, gasa eta argindarra saltzen dutenek, hain zuzen, eragin dituzte erreklamazio eta kontsulta gehien, 151 denera. Etxebizitzak ere kezka iturri dira kontsumitzaileentzat, 107 erreklamazio aurkeztu baitziren 2008an. Etxebizitza berri nahiz zaharraren erosketaren gaineko laguntza juridikoa ematen da bulegoan. Honela, kontratuak begiratzen dira eta arazoak izanez gero, bitartekari lana egiten da. Alokairuei buruzko zalantzak ere argitzen zaizkie bulegoan maisterrei nahiz jabeei.

Aseguru, banku eta aurrezki kutxen gaineko 69 erreklamazio eta kontsulta egin ziren iaz eskualdean; merkataritzari buruzko 39, etxez etxeko zerbitzu, tailer eta zerbitzu profesionalei buruzko 30, bidai edo garraio gaien inguruko 15, administrazioak eragindako 13 eta kontsumoko bertze gaiek 33 kontsulta eragin zituzten eskualdeko kontsumitzaileendako informazio bulegoetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun