Aimar Karrikak ustekabea eman zuen Nafarroako bertsolari txapelketako lehen saioan

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 3a, 15:25

Auritzekoa lehenbizikoa izan zen bere herrian eta Jon Barberenarekin batera zuzenean sailkatu zen

Ustekabea eman zuen, eta herrian gainera. Aimar Karrika patxada handiz aritu zen larunbatean Auritzen jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen saioan, eta inor baino hobeki moldatu zen. Jon Barberena geratu zen bigarren, Karrikarengandik puntu erdi eskasera. Ondoren, Saioa Alkaiza eta Bittor Elizagoien, puntuetan berdinduta. Jon Elizetxek eta Alazne Untxalok osatu zuten bertsolari taldea. Gartzaindarrak ez zuen berak dakiena eman Auritzeko saioan eta iturendarrak lan polita egin zuen.

Saioa ordu erdi beranduago hasi zen, eta kanpoan hotz handia egiten bazuen ere, Kultur etxe barruan giro ona sumatu zen saio osoan. Ehundik gora lagun bildu ziren, gehienak Karrikaren alde. Saioa Alkaizaren bertso jarduna ere azpimarratzekoa izan zen. Hau da iruindarraren aurreneko parte hartzea, eta Barberenarengandik gertu eta Elizagoien ondoan amaitu zuen saioa.

Beteranoak eta gazteak

Saioa gorabeheratsua izan zen. Barberena, Elizagoien eta Elizetxe beteranoen ondoan, txapelketa honetako bertsolari gazteenetakoak zeuden, hirurak 18 urte inguruan, eta hori sumatu zen hainbat unetan. Saio txukunenetakoa Aimar Karrikak eta Saioa Alkaizak zortziko handian egin zutena izan zen.
Bittorrentzako saio berezia zen, finalera iristea du aurten helburu, eta nahiz eta sasoi betean ez izan, kartzelan, puntuka, txukun aritu zen. Ez du final aurrekoetarako txartela zuzenean lortu, baina puntuazioaren arabera lor dezake oraindik.
Atzoko emaitzarekin, Aimar Karrika eta Jon Barberena zuzenean sailkatu ziren finalerdietarako.

Datorren asteburuan, saio bikoitza, Igantzin eta Betelun.

Bigarren azken-laurdena larunbatean, otsailaren 7an jokatuko da Igantziko Jubilatuen Elkartean, 17:30ean. Sei hauek ariko dira: Gorritiko Julio Soto, Lesakako Iñigo Olaetxea, Iruñeko Oier Lakuntza, Etxarriko Eneko Lazkoz, Iturengo Iker Gorosterrazu eta Berako Garazi Taberna.
Biharamonean, otsailaren 8an, hirugarren azken-laurdena jokatuko da Beteluko Zigari Elkartean, 17:30ean. Sei hauen txanda izanen da: Lesakako Erika Lagoma, Leitzako Miel Mari Elosegi Luze, Zubietako Ander Fuentes “Itturri”, Beteluko Aritz Saragueta, Iruritako Iñaki Aleman eta Iruñeko Iñigo Ibarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun