Langabeziak %15eko igoera bortitza izan du urtarrilean eskualdean

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 3a, 15:21

Mila langabeturen mugatik inoiz baino hurbilago dago, 975 baitira Donezteben izena emandakoak

2009ko ilbeltzean %15eko igoera bortitza izan du langabeziak eskualdera eta sekulan baino langabetu gehiagok emana zuten izena Doneztebeko bulegoan, 975: mila langabeturen muga horretatik hagitz hurbil eta 2008 urte akabailan baino 128 gehiago. Nafarroan banaz bertze %10 igo da langabezia eta Doneztebekoa izan da bigarren igoera handiena izan duen bulegoa, Altsasukoaren ondotik.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 259 kontratu gauzatu ziren urtarrilean, eta horietatik 49 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.

25 urtetik goitiko gizonezkoetan igoerarik handiena

Adina eta sexuari dagokionez, tarte guzietan goiti egin du langabeziak urteko lehen hilabete honetan, 25 urtez beheitiko emakumezkoetan izan ezik. Ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak eta ilbeltzean 457 langabetu zeuden, abenduan baino 46 gehiago. Halere, 25 urtetik goitiko gizasemeen artean izan da igoerarik bortitzena, abenduan baino 66 langabetu gehiago baitaude urtarrilean, 402. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean ere zerbait goiti egin du langabetu kopuruak, 85 gizon baitaude lanik gabe, abenduan baino 17 gehiago. 25 urtez beheitiko emakumeen artean aldiz, zertxobait beheiti egin du langabeziak, adin horretako 31 emakume baitaude lanik gabe, abenduan baino 1 guttiago.

Industria arloan somatu da igoera gehien

Lan arloei dagokienez, denetan goiti egin du langabeziak, baina zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien. Gaur egun 532 langabetu ditu arlo horrek, 2008 urte hondarrean baino 48 gehiago. Halere, industrian eman da langabeziaren igoerarik handiena, abenduan baino 56 langabetu gehiago baitaude orain, 269. Eraikuntzan 17 lagunetan goiti egin du langabeziak eta 96 langabetu daude; nekazaritzan ere zertxobait goiti egin du langabetu kopuruak, 20 baitira langabetuak, abenduan baino 2 gehiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean ere 5 lagunetan goiti egin du langabeziak urtarrilean eta 58 langabetu daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun