Urteroko ohiturei eutsiz, ortzegunarekin, 22an hasi eta otsailaren 1a bitarte, ez da jan eta edanik falta izan.
Astelehenean erauntsi eta kazkabarrari aurre egin zioten herritarrek. Batzuk ganbaratik arropa zaharrak hartu eta mozorratu egin ziren, eta joaldunek, berriz, joareak paratu eta ibilbidea zintzo bete zuten. Asteartean eguraldi lasaiagoa izan arren, euria lagun izan zen egun guzian. Halere, mozorroek, karrozek eta joaldunek ez zieten hutsik egin zubietarrei.
Asteazkenean, mozorroak alde batera utzi eta joareak hartu eta etxez etxeko eskea egin zen eta inauteriak ongi akitzeko asteburuan azken otorduak egin ziren. Iturenen larunbat goizean herri kirolak eta dantzarien saioa izan ziren eta ondotik, bazkaria, kantak eta musika. Aurtitzen, berriz, arratseko zaharren afarian 70 lagun bildu ziren eta inauteriei aio errateko igandean bazkaria eta kontuak egin zituzten.