Haizeak, euriak eta kazkabarrak ez dute inauteri giroa zapuztu

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 3a

Irudiek eurek nahikoa erraten dute: eguraldia txarra, baina giroa ezin hobea izan dugu inauterietan. TTIPI TTAPA

Igandeko desfilean 15 karroza atera zituzten herritarrek

Joan dira aurtengo inauteriak eta eguraldiak batere ez lagundu arren, ez du herriko giroa zapuz­tu. Ostiralean, urtarrilak 23, urteroko legez, 34 gazte elkartu ziren Itturbu­ru ostatuan inauterietako lehen gosaria egin eta baserriz baserri eskean hasteko.
Arratsaldean, herriko haurrak izan ziren protagonista, eskolan egindako nahiz bakoi­tzak etxetik eramandako mozorroekin, Ulibeltzak Elkartean txokolata­da izan zuten eta ondoren Agerralderen eskutik dantza egiteko aukera ez zuten alferrik galdu.
Gauean, berriz, 115 emakume elkartu ziren Ulibeltzak Elkartean eta bertan jarritako pantaila erraldoi batean, afaldu bitartean, 2000. urtetik aurrera emakumeen afarian aterako argazkiak ikusteko aukera izan zuten. Gaueko ordu ttikiak arte luzatu zen besta.
Larunbat arratsaldean, haurrek, berriz ere mozorratu, eta Elkartean musika izan zuten eta gazteak, berriz, herrian barrena ibili ziren eskean.
Iganderako karrozen desfilerako izugarrizko beldurra zegoen asteburu guztian eguraldia kaxkarra izan baitzen, baina zorte kontuaedo halabeharraren ondorioz, desfilean ez zuen euririk egin eta ateratako 15 karrozek ez zuten beraien ibilbidea behar bezala egiteko oztoporik izan.
Desfilea akitu ondoren, zerriaren eta bildotsaren zozketa egin zen. Zerria Iruritako Laura Sa­labururi tokatu zitzaion eta bildotsa soriar batentzat izan zen. Inauteriei behar bezala­ko bukaera emateko, bazkaria izan zen Ulibel­tzak Elkartean eta 22:00ak arte Jalisko Banden eskutik dantzaldia izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun