Abian da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 38. edizioa. Urtarrilaren 31n Auritzen jokatutako saioan eman zitzaion hasieran eta martxoaren 21ean Elizondon finala jokatu bitartean hainbat saio izanen dira. Guztira 25 bertsolari ari dira, eta iazko txapelduna izan ezik, gainerakoak lehen fasetik abiatu beharko dute. Nabarmentzekoa da, bertsolari gehienen gaztetasuna, horietako aunitz 25 urtetik beheitikoak baitira.
Txapelketaren egitura ere desberdina izanen da aurtengoa. Lau azken-laurden jokatuko dira seina bertsolarirekin, eta horietatik 17 bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoetarako, azken-laurden bakoitzeko lehenbiziko bi sailkatuak eta puntuaziorik onena jaso duten bederatziak.
1. azken laurdena
Aipatu bezala, ilbeltzaren 31n abiatu zen txapelketa eta sei bertsolari hauek hartu zuten parte Auritzen: Jon Barberena (Elizondo), Jon Elizetxe (Gartzain), Bittor Elizagoien (Oronoz-Mugairi), Aimar Karrika (Auritz), Alazne Untxalo (Ituren) eta Saioa Alkaiza (Iruña).
2. azken-laurdena
Bigarren azken-laurdena larunbat honetan, jokatuko da Igantziko Jubilatuen Elkartean, 17:30ean. Sei hauek ariko dira: Julio Soto (Gorriti), Iñigo Olaetxea (Lesaka), Oier Lakuntza (Iruña), Eneko Lazkoz (Etxarri), Iker Gorosterrazu (Ituren) eta Garazi Gaberna (Bera).
3. azken-laurdena
Igandean hirugarren azken-laurdena jokatuko da Beteluko Zigari Elkartean, 17:30ean. Sei hauen txanda izanen da: Erika Lagoma (Lesaka), Miel Mari Elosegi Luze (Leitza), Ander Fuentes Itturri (Zubieta), Aritz Saragueta (Betelu), Iñaki Aleman (Irurita) eta Iñigo Ibarra (Iruña).
4. azken-laurdena
Otsailaren 14an, larunbata, Tafallako Kube Aretoan jokatuko dena laugarren azken-lardena izanen da, 17:30-ean hau ere. Xabier Terreros (Lesaka), Xabier Legarreta (Arano), Diego Riaño (Leitza), Joxe Juan Zubieta Etxabe (Lesaka), Ekaitz Astiz (Iraizotz) eta Xabier Silveira (Lesaka) lehiatuko dira.
1.finalaurrekoa
Otsailaren 21ean hasiko da finalaurrekoen itzulia. Goizuetako udaletxeko Ganbaran jokatuko da lehena, 17:30-ean, eta Julen Zelaieta iazko txapeldunarekin batera, azken-laurdenetako bortz ariko dira.
2. finalaurrekoa
Otsailaren 28an jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Altsasuko Ioartia Kultur Etxean, 17:30ean.
3. finalaurrekoa
Hirugarren finalaurrekoa martxoaren 7an izanen da Antsoaingo antzokian, 17:30ean.
Finala Elizondon
Martxoaren 21ean, larunbata, Elizondoko Lur dantzalekuan eginen da finala. Zortzi bertsolari ariko dira lehian. Saioa 17:00etan hasiko da.