Usategiak kultur ondare izendatzeko txostenari alegazioak aurkeztu dizkio Udalak

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 3a, 12:00

Eskaria Jaime Gazteluk egin bazuen ere, afektatutako eremu gehienaren jabeak Etxalar eta Sarako herriak dira

Usategiak kultur ondare izendatzeko abiatu den txostenak eztabaida bizia eragin du herrian. Usategietako lur zati baten (%5) jabea den Jaime Gazteluren eskariz, Nafarroako Gobernuak Etxalarko Usategiak Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko prozedura abiatu zuen bere garaian, baina ez herritarrak, ez Udala, ez dira horren alde atera, eta hainbat alegazio aurkeztu dizkiote txostenari. Udalaren arabera, «Usategiak kultur ondare izendatuz gero, hori guztia Udalak kudeatu beharko luke, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuarekin eta Sarako Herriko Etxearekin batera, trepak Sarako eremuan baitira». Guztiaren ardura partikular batek hartu nahi izatea da onartu ez dutena. Udalaz gain, Usoa Ehiztarien Elkarteak eta hainbat herritarrek ere alegazioak aurkeztu dituzte.
Udalak dioenez, Interes Kulturaleko Ondasun izendatu nahi den eremu guztia ez da Jaime Gaztelurena, «3.470,09 m2ren jabea baino ez da katastroaren arabera». Horrela aipatu digu Patxiku Irisarri alkateak. Afera honek ez du historikoki, baina batez ere azken urte honetan, usazaleen eta ehiztarien artean izandako tirabirekin zerikusirik, «nahiz eta batzuek bi kontuak nahasi dituzten», erran digu Patxikuk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun