Hainbat eragileren elkartasuna jaso da telebistaren itxiera dela-eta Alderdi politiko, sindikatu, udal, hedabide eta herritarrek salatu dute

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 4a, 11:38
TTIPI TTAPA

Ilbeltzaren 31z geroztik, Ttipi-Ttapa Telebistaren jarduna gelditua dago. Aitzineko alean aipatu bezala, arrazoi ekonomikoak eta legalak izan dira Ttipi-Ttapa Fundazioa erabaki hori hartzera bultzatu dutenak. Telebistaren itxiera harira, hainbat izan dira Ttipi-Ttapari elkartasuna adierazi eta gertatutakoa salatu duten eragileak. Inguruko zenbait udal eta Euskara Mankomunitate kezkatuta azaldu dira egoe­ra dela-eta, baita alderdi politikoak ere.
Aralarrek, erraterako, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak diruz ez laguntzeko erabakiak lehen ondorioa izan duela salatu du, Ttipi-Ttapa Telebistaren itxiera ekarri duelako. Nafarroako Gobernua sostengatzen duten UPN, CDN eta PSN alderdiei Nafarroan euskararen normalizazioaren lanean «oztopoak jartzea» leporatu die eta Ttipi-Ttapa Telebistaren itxiera euskararen aldeko gizarte mugimenduarentzat eta eskualdeko kohesio sozialerako «kolpe latza» dela nabarmendu du. NaBaik, bere aldetik, agerraldia eskatu parlamentuak.EAk ere bere elkartasuna luzatu dio Ttipi-Ttapari. ELA sindikatuak ere elkartasuna adierazi eta, bide batez, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi izan du. Aipatu sindiatuaren arabera, «dirulaguntzen murrizketa honek baieztatu bertzerik ez du egiten euskara eta euskal kultura desagertzeko Gobernuak daraman politika gogorra».
Eragile politiko zein sindikalez gain, hedabide batzuek ere jo dute Ttipi-Ttaparengana elkartasuna adieraztera, baita herritar aunitzek ere, tartean aurpegi ezagunak ere bai. Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei.
Dena den,Ttipi-Ttapa Telebistaren seinalea ez da beltzean geldituko. Produkzioa gelditu arren, zenbait zerbitzurekin segituko du: urtebetetzeak, merkatu ttikiak... Xehetasun gehiago aldizkariko 42. orrialdean aurkituko dituzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun