Torturaren inguruan

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 3a, 11:32

Urte bat pasa berri da Igor eta Mattin torturatuak izan zirenetik. Ez ziren gure eskualdean torturatuak izandako lehendabiziko lagunak izan, eta tamalez, urtea bukatzerako beraien ondoren bertze hirurogeita bi euskaldunek ere torturak jasan izana salatu zuten. Kamutsak dira inkomunikazio garaian etxekoek sentitzen duguna adierazi ahal izateko azalpen guziak; alferrikakoak hitzak. Zer erranik ez beraiek egiatan bizitakoa adierazteko. Guri behintzat ez digute kontatu. Ezin dute kontatu. Ezin da kontatu. Eta hori, gainean eraman beharreko zama da guretzat (harria), jakin badakigulako, egoerarik beldurgarriena imajinatuta ere, errealitatetik urruti geldi gaitezkeela. Tortura­ren helburua norbanakoa deuseztea delako, pertsona objektu bezala tratatuz, haren duintasuna eta izaera ezabatzea. Eta horretarako min haundia egin behar da, min haundia egin nahi izan behar da. Baina orain, urte baten ondoren, erran dezakegu Igor eta Mattinen kasuan ez dutela lortu, beraienak zirenak direla orain ere erakusten duten izaera eta nortasuna. Hala eta guztiz ere, atxiloketaren ondorengo lehen bisitan beraien begi hezee­tan ezkutatu ezin izan zizki­guten zauriak gogoratuz ohartzen gara, beraiek bai badutela harri haunditzar bat beraiekin betirako. Baina harriak izan, herri­tar guziok baditugu gainean; harri ttiki txarrak oinetakoetan sartuta. Eta ez ditugu gainetik kenduko torturak irauten duen bitartean. Nolabait ere gure ardura ere badelako. Herrita­rrak garelako, gure hitzen eta ekintzen bitartez, aginta­riak zuzen eta bidezkotzat jotzen ditugun jokabideetara makurrarazi ditzakegun bakarrak. Estatuak eta erakundeak beraien interesen alde edozer egiteko gauza direlako ekin behar dio jendarteak mugak estu­tzeari. Baina zoritxarrez, aunitzetan oinetakoetako harrietara ere ohitzen gara. Deserosoak dira, batzuetan min egiten dute, baina denbora ez galtzeagatik beraiekin ibiltzen hasi eta oinetakoen barrenean ditugula ere ahazten zaigu maiz.
Dena den, deserosotasuna eta mina berriz azaltzen dira, eta otsailaren 13a, Joxe Arregi torturen eraginez hil zela 28 urte beteko diren eguna izan daiteke oinetakoetan harri txarrak ditugunaz ohartzeko okasioa. Eta zergatik ez, harriak oinetakoetatik ateratzen hasteko momentua.
Ez dugu eskatzen oinetakoetatik harriak hartu eta inoren burura botatzerik, ez dugulako nahi mendekurik, eta egia errateko justizia ere ez dugu eskatzen, beraren­gan ez dugula­ko gehiegi sinesten; ez bederen, epaitegietan banatzen den justizian, boterea­ri hain loturik eta jendearen­gandik hain urruti dagoen horretan. Gure nahi eta desio bakarra, gure etxeetan bizitutakoa bertze inon ez errepikatzea izaten da. Eta zoritxarrez, berriz gerta­tzen denean, hura azkena izatea. Eta bide batez, denon artean oinetakoetatik harri-koxkor ttikiak kentzen hasten garela ikustea, bakean eta askatasunean ibiltzen hasteko hurbilago egonen ga­ren seinale izanen de­la­ko.

Igor eta Mattinen etxeko

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun