Ttipi-Ttapa Telebistaren itxieraz

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 3a, 11:30

«Ttipi-Ttapa Telebista itxi digutela!». Obama eta zikloiaren kontuekin batera, seguru aski hau izanen da gure herrietan gehien aipatu den gaia.
Berri honek ez gaitu ezustean harrapatu, baina haserre haundia sortu digu: otsailaren 1az geroz­tik ezin ditugu gure herrie­tako berriak ikusi, ezta aste hondarretan gure zonaldean egiten diren kirolen emaitzak ere, kultur-agenda ere ezin ikusi, talde ezberdinek antolatzen dituzten ekitaldien berri ere ez dugu… eta hainbat eta hainbateko bertze konturik ezta ere.
Eta hau gutxi ez balitz ere, Ttipi-Ttapa galtzearekin batera telebista euskaraz ikusteko aukera urrietatik bat galdu dugu. Lehen ere leiho gutxi zituen etxea­ri, bertze bat itxi diote. Horre­taz gain, badirudi azkeneko leihoa ere kolokan dauka­gula (ETB 1). Ilunpean gelditzeko puntuan gaude.
Beharbada euskaldun ez den batek garrantzi txikia emanen dio aipatzen dugun azkeneko honi, baina guretzat zer den jakite­ko, gure tokian paratzea eskatuko genieke: nola sentituko ote zen bere hizkuntzako telebistarik gabe geldituko balitz…
TDTrako kontzesio gabe gelditu dela, Nafarroako Gobernuko laguntza urriak ia-ia deusetan gelditu direla, honetarako dirurik ez dagoela… gauza da gu Ttipi-Ttapa Telebistarik gabe gelditu garela. Bortzirietako Toki Ona Institutuko Guraso Elkartetik hedabide honek egin duen lan haundi eta garran­tzitsua eskertu nahi du. Ttipi-Ttapa Tele­bista gurekin berriz izanen du­gulako esperantza ez dugula galtzen azpimarratu nahi dugu.
Eta itxiera honen errudunari gure protesta gogo­rrena adierazi nahi diogu.

Toki Ona Institutuko Guraso Elkartea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun