Hogeita zortzi urte badira beratar talde batek sustatuta, euskarazko aldizkari bat sortu zutela eskualderako. Ttipi-Ttapa izena paratu zioten. Pauso ttikian hasi zen eskualdean euskara zabaltzen, euskarak prestigio eskasa zuen garaian. Irrati ttiki batzuetan salbu, euskarak ez zuen tokirik hedabideetan. Ttipi-Ttapa sortu eta gero etorri ziren EITB, eta euskarazko bertze hainbertze hedabide.
90.hamarkadaren hasieran aldizkaria profesionalizatu zen, eta horrekin etorri ziren proiektu berriak. 1998ko ekainaren 15ean telebistako emisioei ekin zion. Bortziriak eta Malerrekan azken hamar urte eta erdian etenik gabe egunero-egunero jardun du herriko informazioa zabaltzen.
Gogoan ditut sorrerako une haiek. Unibertsitateko azken urteotan kazetaritza ikasten ari nintzen. Ordurako zenbait komunikabidetan kolaboratzen nuen, eta nirekin ere harremanetan paratu ziren, proiektuaren berri emateko. Laster onartu nuen gonbita bertan jarduteko.
1998ko ekainaren 15ean Estitxu Fernandezek ireki zuen emisioa. Oraindik gogoan dut orduko ilusioa, gogoa, urduritasuna eta poztasuna. Lantalde hagitz gaztea, lagun talde handia. Profesionaltasun handiz ibilbide oparoa ireki zen eskualderako eta euskarazko komunikabideentzako. Pixka bat lehenago ekin zion bere bideari ondoko eskualdean, Baztanen, Xaloa Telebistak.
Gogoan dut hiru aste beranduago sanferminetako programa berezia aurkeztea egokitu zitzaidala. Edo 1999ko udal hauteskundeetan, oraindik antenan urtebete ez generamala, zuzenean egindako lehen saioa. Edo Mariano Izetari egindako elkarrizketa. Pribilegiatua sentitu naiz horrelako proiektu batean parte hartu ahal izateaz. Funtzio soziala betetzeaz.
Orain, oroitzapenarekin eta grabatutako irudiekin ekarri beharko dut gogora Ttipi-Ttapa Telebista. Urtarrilaren 31n programazioa eten egin du Bortziriak eta Malerrekako telebistak. Albisteak haserrea, amorrua, mina... eragin dizkit. Tamalez, harridurarik ez. Beti da zaila horrelako proiektuekin aitzinera egitea. Administrazioaren erantzuna ez da berdina izan. Udal eta mankomunitate batzuen inplikazioa bertzeena baino aunitzez handiago izan da. Nafarroako Gobernuaren laguntza eskasak murrizten joan dira urterik urte, desagertzeraino. Enpresa handiek, salbuespenak salbuespen, muzin egin diote proiektuari. Merkatari ttikiek –betiko behiari esne eske– bere ekarpena egin dute. Baina horiek aski ez horrelako proiektua bideratzeko.
Baina zergatik itzali behar du bere seinalea Ttipi-Ttapak? Motiboak bat baino gehiago dira. Baina dirua da arrazoi nagusienetakoa. Nafarroako Gobernuaren jarrera zekenak, itsuak, lotsagabeak eraman dute itxierara Ttipi-Ttapa Telebista. Edozein hizkuntza politikotan estrategikoa behar duen ildoa da –baita euskararen legearen arabera ere– komunikabideen sustapenarena. Ez dago hizkuntza normalizaziorik hedabideen bultzadarik gabe. Soziolinguistikaz deus guti dakienak ere badaki hori. Motibazioan –bereziki erdaldun eta ia euskaldunen artean– eta erreferentziak sortzen berebiziko garrantzia du telebistak.
Eta gainera, bekaizkeri politikoa erantsi behar zaio. Euskarabidearen hizkuntza politika lotsagarriari Lurreko Telebista Digitalaren lizentzia esleipenen bazterkeria gehitu behar zaio, kanpoan utzi baitzituen Nafarroako euskarazko bi telebistak Gobernuak. Bidenabar, Ipar mendebalde osoa.
Zer galduko dugu Ttipi-Ttapa Telebistaren desagertzearekin? Herri mugimenduak sustatutako proiektua, dispertsio handiko eskualde bateko lotura, euskararen normalizaziorako ezinbertzeko tresna, ahozko ondarearen artxibo paregabea, komunikazio bide arin eta azkarra, profesional batzuen lana eta ilusioa...
Mugimendu sozialetatik sortutako euskarazko hedabideen ekarpena ez dago aski aitortua. Administrazioek, oro har, ez diote behar bezainbertzeko garrantzirik eman. Ez da ildo estrategikotzat hartu. Nafarroako Gobernuak ez duela bistan da, baina Eusko Jaurlaritzaren politikak ere hutsune eta ahulgune handiak ditu. Ukaezina da Ttipi-Ttapa Telebistak hizkuntza normalkuntzan egindako lana. 18.000 ikus-entzule ditu Ttipi-Ttapa Telebistak CIES etxearen arabera. 18.000 herritar euskarazko telebista kontsumitzen. Eta funtzio soziala ere azpimarratu behar da. Herrigunetik atera eta baserri auzoetara joanez gero maiz transmititzen zitzaigun eskerrona, telebistaren bidez herrian gertatzen zenaren berri eramateagatik etxeetara. Kualifikazio altuko lanpostuak sortzeko ahalmena izan duen proiektua da Ttipi-Ttapa. Baina inork ez dio aitortzen funtzio hori. Kalean geldituko diren hiru langileak ez dira langabeak administrazioarentzat. Informazio erabilgarria, mugimendu sozialak, politikarien zein administrazioaren mezuek... guztiek izan dute tokia ezin anitzagoa gertatu den proiektu batean.
Orain, diru premiak, eta batzuen politika ankerrak seinalerik gabe utzi gaituzte. Eta tamalez, badakigu zenbat kostatzen den horrelako proiektuak berriz abian paratzea. Doala nire eskerrona proiektuan sinistu, lan egin eta bultzatzen aritu diren guztioi. Bereziki kameren gibelean aritutako langileei.
Euskalgintza eta kulturgintzaren erreakziorako zailtasuna, etsipena, nekea... ere bistakoa da. Irtenbiderik ez duela ez dut sinistu nahi. Eta makurrena dena, bide bera har dezakete bertze komunikabide batzuek.
Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea eta Ttipi-Ttapa telebistako kolaboratzaile ohia