Nafarroan guttik bezala pozten gaituen gaztelaniazko kanta ezagun baten estribilloa da. Eta Iruñan, Lesakan... ilusio bereziarekin kantatzen duguna.
Aurten, gainera, arrazoi bikoitzarekin ospatzeko itxaropena eman ziguten, egun horietan San Ferminez gain, N-121A errepidea inauguratuko zutela erran baitziguten Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Ekainean izanen zela ziurtatu ziguten, eta ospakizuna iragarria zegoen, eta beraz, egun horiek bi gertaera horietarako balioko zutela adierazi ziguten.
2008ko maiatz aldera obra hauek gibeleratuak zeudela salatu genuen, batez ere Sunbilla eta Bera arteko zatian jarduera eskasa zela ikusten zelako. Obrak iragarritako egunean ez zirela akituko ere adierazi genuen. Baina gero Herri Lanetako Batzorde Parlamentarioaren bisita etorri zen, eta departamentuko goi karguen adierazpenek lasaitu egin gintuzten. Errepide eta eraikuntza zuzendaritza nagusiak aurreikusitako epeetarako akituko zela adierazi zuen, lehen eta bigarren zatiak 2009ko martxorako eta hirugarren zatia ekainerako. Obrak egiten ari diren tokian sastrakak eta zuhaitzak kentzeko eta sarbideak egiteko dauden zailtasunei leporatu zizkion atzerapenak (Diario de Noticias, 2008-06-22).
Aspaldiko amets bat egi bihurtuko zela sinetsi genuen: Bidasoa aldean hain beharrezkoa diren obrak behingoz akituak ikusiko genituela. Baina batez ere Nafarroako zatian obren abiadura zein den eta zein egunetan gauden ikusita, bertze behin desilusio bat hartuko dugu. Atzerapenaz gain, ia ez da aitzineratzen, eta horrek benetan kezkatu eta pentsatzen jartzen gaitu. Bertze behin, Nafarroako Gobernuak Belateko alde honetan bizi garen herritarrokin egiten duen bazterketa lotsagarriak kezkagarria izaten jarraitzen du.
Horrez gain, kaltetutako herritarrak desiformatuak daudela kontuan hartu behar da, eta obren ondorioen berririk ez dutelak (geldialdiak errepidean, trenbidea itxita paseatzeko...). Edozein anomaliak zenbat iraun dezakeen jakin gabe. Eragozpen horiek guztiak beharrezkoak direla ulertzen dugu, baina eramangarriagoak izanen ziratekeen arrazoiak puntualki azalduko balizkigukete.
Eskualdeko alkateekin, Nafarroako Gobernuak obren batzorde jarraitzaile bat osatu zuela uste genuen, eta horrek lasaitu egin gintuen komunikaziorako bide egokia iruditzen zaigulako, baina argi dago batzorde horrek ez duela funtzionatzen, herritarren artean desinformazioa baita nagusi.
Beraz, atzerapenen zergatia azaltzeko eskatu nahi diogu Nafarroako Gobernuari eta obrak noiz akituko diren adieraz dezala, orain arten erran dizkiguten epeak beteko ez direla garbi baitago.
Espero dugu uholde eta bertze istorioak aitzakiatzat hartuta ez etortzea, azken momentuko baliabide gisan erabiliko zirenak, eta ea azalpen sinesgarriak ematen dizkiguten, herritar guztiak lasaitzeko.
Jose Luis Etxegarai - EAJ-PNV