Emauseko traperoek inguruko hondakinak biltzen dituzte

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 4a, 11:36
Doneztebeko Emausen egoitzan dagoen bigarren eskuko jostailuen txokoak piztu zuen batez ere Almandoz eta Zigako neska-mutikoen arreta. TTIPI TTAPA

Hondakinez beteriko munduan gizarteratzeko aukera baten bila

Hondakinen bilketa egiteaz haratago, gizartean integratzeko ara­zoak dituztenei aukera bat ematen dien erakundea da Emau­se­ko Traperoak. Droga, alkohola, lapurreta, kartzela… Mundu horiek ezagutu dituzten pertsonak dira gehienak. Nafarroako Emauseko Traperoen kasuan, 190 langileen %60-70 hala dira. Gizartean bizi­mo­du arrunta egiteko arazoak dituzte, eta horiei aterabide bat emate­ko sortu zen Fundazioa, Abbé Pierre frantzia­rraren ekimenez. Emaus izena, berriz, Palestinatik dator, etsitutako batzuek itxaro­pe­na aurkitu zuten herriaren izena da. Mundu osoan hedatua dagoen ekimen hau, 1972an ailegatu zen Nafarroara eta duela zortzi urte inguru Doneztebera. Hondakinen bilketa zailtasun horiek dituz­ten pertsonei aukera bat emateko sistema baino ez da, ekologia­re­kiko kontzientzia ere barneratua dutelako. Bilketa zerbi­tzua eskaintzeko lehiaketa irabazi eta Nafarroa osoko 12 mankomu­nita­tetan honda­kinak biltzeaz arduratzen dira Emauseko Traperoak. Baztan, Bortzi­riak eta Malerrekan beirak eta ohiko hondakinak izan ezik, gainera­koak biltzen dituzte, eta Leitza eta Areson neurri haundiko trasteak.

Almandoz eta Zigako eskoletako neska-mutikoei Emauseko Traperoek Donezteben nola lan egiten duten azaltzen topatu dugu Josune Makibar, bertako langilea. 40 laguneko ikasle taldea adi-adi dago Josuneri begira. Eta inguruan denetarik: arropak, altzariak, etxe-tresnak, jostailuak, bizikletak, ipuinak, ordenagailuak, koltxoiak, bideoak… Guztiak txukun ordenatuak, batzuk Iruñera eramateko prest eta bertzeak salgai, ohi baino merkeago, noski. Ordu erdiko azalpen eta bisi­taren ondotik, ikasleak harrituta. «Traste zahar hauek horrenbertze balio dutela pentsatzen al zenuten?», galdetu die Josunek. «Ez!», gaztetxoek. Almandoz eta Zigako eskoletakoak bisitan hartu dituzten Baztango azken ikasleak izan dira. Horien aitzinetik, Baztango bertze herrietako ikasleak hartu dituzte. Maki­barren hitzetan, «gustura gelditu dira».
Maria Dolores Miñana Emauseko bertze langileari otu zitzaion bisitak antolatzea, haurrak birziklapena eta berrerapilpena zein garrantzitsuak diren jabetzeko. «Lagun baten bitartez, eskola batekin harremane­tan jarri nintzen. Eskolan birziklapena lantzen ari zirela-eta, honat etortzea proposatu nien irakas­leei, ikasleentzako interesgarria izan zitekeelakoan», dio Miñanak. Lau irakasle etorri, ikusitakoa gustatu eta orduan hasi ziren bisitak. «Auni­tzetan traste zahar bat ikusi eta horren bizitza hor akitzen dela uste dute, baina honat etorrita konturatzen dira dena birzikla eta berrerabil daitekeela», dio Makibarrek.
Baztango ikasleen bisitak bukatuta, Malerreka zein Bortzirietako ikastetxetatik ere bisitak gustura hartuko lituzke­tela aitortu digute.

Fundazio berezia

«Jendeak botatzen dituen gauzekin eta gizarteak bazter­tzen dituen jendearekin ekonomia jakin bat lortzen dugu», dio Miñanak. «Berrerabiltzetik bizi gara, hemen egiten ditugun salmentetatik eta mankomunitateekin hondakinak biltzeko ditugun akordioen bitartez». Lanorduak ere desberdinak dira. Egunean 6,5 orduz aritzen dira, eta soldatak denentzat berdinak dira. Langileen arteko berdintasuna izan da Maria Dolores, Josune eta Carlos Peña lankideek azpimarratu diguten bertze ezaugarria. Emaus Fundazioa sekta dela pentsatzen duenik ere ba omen da, baina, «ez da inondik ere hala». Arraza, sexua, kultura edo erlijioa edozein dela ere, lan egiteko eredu desberdin bat baino ez da. Irabazi asmorik gabeko erakundea da eta aurrekontuaren %2 Hirugarren Munduko proiektuetara bideratzen du.

Datu baikorrak

Baztan, Bortziriak eta Malerrekan hondakin gehienen bilketaz arduratzen dira Emausekoak, eta Leitzan eta Areson, neurri haundiko trasteak biltzen dituzte. Baztan, Bortziriak eta Malerrekan neurri haundi­koen kasuan, 948 451979ra deitu behar da eta etxera joaten dira dohai­nik trasteen bila. Doneztebeko egoitzan, erraterako, 2008an 2.530 dei egin eta bildutako 330.727 kiloetatik %66 berrerabili ziren. Horietako aunitz Emausekoek Donezte­beko Aparan industrialdean duten egoitzan daude salgai. Leitza eta Areso­ren kasuan, berriz, 012ra deitu behar da. Leitzan, 124 dei egin ziren iaz eta jaso ziren 20.759 kiloetatik %60,18 errekuperatu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun