Xanti Olano eta Gerendiain jautsi dira Nafarroako aizkolarien hirugarren mailara

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 2a, 15:52

Lesakan Euskadiko sokatira txapelketako saioa jokatu zen larunbatean

Nafarroako aizkolari txapelketako bigarren maila ez galtzeko norgehiagoka jokatu zen larunbat eguerdian Iturenen. Lehian, Jon Telletxea (Beintza Labaien), Xanti Olano (Leitza), Esteban Pikabea (Gerendiain) eta Arkaitz Olano (Leitza) aritu ziren. Iker Gorriti ere aritzekoa zen, baina uko egin zion saioa jokatzeari. Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat moztu behar izan zituen. 2008ko ekainaren 28an jokatu zen bigarren mailako kanporaketa. Iker Gorriti eta Arkaitz Olanok ezin izan zutenez kanporaketan parte hartu (mediku agiriak aurkeztu zituzten), kanporaketa hartako azkeneko hiru sailkatuen aurka jaitsiera norgehiagoka jokatzea eskatu zuten. Jon Telletxea, Xanti Olano eta Esteban Pikabea izan ziren azken hiru sailkatuak, eta larunbatean jokatu zen norgehiagoka

Sailkapena

1. Arkaitz Olano (Leitza): 08:57
2. JonTelletxea (Beintza Labaien): 09:23
3. Esteban Pikabea (Gerendiain): 11:43
4. Xanti Olano (Leitza): 14:49
Ondorioz, Iker Gorritirekin batera, Esteban Pikabea eta Xanti Olano dira hirugarren mailara jaitsiko direnak.

Euskadiko sokatira txapelketako saioa Lesakan

Larunbatean, Lesakan, Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketako jardunaldia jokatu zen. Abadiñok mutiletan eta Badaiotzek nesketan lortu zuten lehen garaipena 600 eta 500 kiloko txapelketan. Talde biek saioko tiraldi guztiak irabazi zituzten, eta sailkapeneko buruan jarri ziren. Emakumezkoei dagokienez, hiru talde lehiatu ziren; Badaiotz, Beti Gazte eta Girizia. Bi itzuli jokatu dituzte ligaxka sisteman, eta Gasteizko Badaiotz gailendu da bi itzulietan, bi kontrarioak mendean hartuta. Beti Gaztek, berriz, Girizia hartu du mendean.

Emakumeen 500 kiloko lehen jardunaldiko sailkapena

1. Badaiotz (Gasteiz, Araba): 12 tanto, 3 puntu.
2. Beti Gazte (Lesaka, Nafarroa): 6 tanto, 2 puntu.
3. Girizia (Oiartzun, Gipuzkoa): 0 tanto, puntu 1.

Gizonezkoen 600 kilokoa

Gizonezkoen 600 kilokoan bost talde lehiatu ziren: Abadiño, Amaiur, Berriozar, Sokarri eta Ñapurrak. Horiek ere ligaxka sistema erabili zuten, baina itzuli batera. Abadiñok talde guztiak menderatu zituen, tiraldi guztiak irabazita. Bigarren Amaiur sailkatu zen, Sokarri eta Ñapurrak mendean hartu eta Berriozarrekin berdinduta. Lehen jardunaldiko sailkapena:
1. Abadiño (Bizkaia): 12 tanto, 5 puntu.
2. Amaiur (Nafarroa): 7 tanto, 4 puntu.
3. Berriozar (Nafarroa): 5 tanto, 3 puntu.
4. Sokarri (Arrigorriaga): 4 tanto, 2 puntu.
5. Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi): 0 tanto, puntu 1.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun