Astearte eta ortzegunean lau orduko errepide mozketak eginen dira N-121A errepidean

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 2a, 11:27

Bera-Endarlatsa zatiko 67 eta 68 kilometro inguruetan

Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, otsailaren 3 eta 5ean, astearte eta ortzegunean berriz ere leherketak izanen dira N-121A errepideko zabaltze eta egokitze lanen barrenean eta horregatik, mozketak izanen dira.

Astearte eta ortzegunean, 12:30etik 16:30era

Mozketa guziak Nafarroako aldean, Endarlatsa-Bera tartean izanen dira, 67 eta 68 kilometro inguruetan. Asteko lehen mozketa asteartean, otsailaren 3an, asteartean izanen da eta lau orduko iraupena izanen du, 12:30etik 16:30era, 68garren kilometro inguruan. Ortzegunean, otsailaren 5ean ere, lau orduko mozketa iragarri dute ordutegi eta leku berean, eguerdiko 12:30etik arratsaldeko 16:30era.

Ezkabako tunela eta Ostizko saihesbidea

Horretaz gain, Iruñerako bidea hartzen dutenek, jakin behar dute Ezkabako tuneletan egin beharreko mantenimendu lanen ondorioz, mozketak izanen direla astelehenetik ortziralera, otsailaren 2tik 6ra. Modu berean, Ostizko saihesbideko 13 eta 16 kilometroen artean txandakako bidea emanen dute otsailaren 5ean hasi eta astebetez.

Txandakako pasabidea

Bertze aldetik, N-121A errepideko zenbait zatitan txandakako bidea emanen da 24 ordutan, egunez seinalisten bidez eta gauez semaforoen bidez. Honela, Endarlatsa-Bera zatian, 69garren kilometro inguruan, Berrizaun inguruan 58garren kilometro inguruan eta Bera-Etxalar zatian, 61 eta 62garren kilometroen inguruan txandaka emanen da bidea.

Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun