Hameka urteko lanaren ondotik Ttipi-Ttapa Telebistaren jarduna ilbeltzaren 31n geldituko da

Artxibokoa 2009ko urt. 30a, 13:41
Ttipi-ttapa Telebistaren lehen lan taldea, 1998an Berako estudioan. TTIPI TTAPA

Halere, seinalea ez da galduko eta informazioa idatzia eta musika izanen da

Gerora Euskal Telebistan eta bertze komunikabideetan famatu egin den Estitxu Fernandezek aurkeztu zuen Ttipi-Ttapa Telebistako llehen albistegia, 1998ko ekainaren 15ean. Geroztik bertze hainbat albistegi, programa, kirol emanaldi, elkarrizketa, erreportai eta saio egin dira. Baina, momentuko egoera eta etorkizunera begira dauden aurreikuspen ekonomiko eta legal kezkagarriak kontuan hartuz, telebistaren jarduna ilbeltzaren 31n gelditzea erabaki du Ttipi-Ttapa Fundazioak. Ez da erraza izan. Buelta dezente eman ondotik hartutako erabakia izan da, samina eta nekez hartzen den horietakoa, jakinda, ongi jakin ere, zenbat kosta diren gauzak aitzinera ateratzea zerotik hasita. Alabaina, talde osoa arriskuan jarri baino lehen zati bati ‘pause’ ematea hobe dela pentsatuz hartutako erabakia izan da. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik gabe, krisi orokorraren eraginez publizitatean diru-sarrera guttiagorekin eta, Lurreko Telebista Digitalaren atarian. Foru Administrazioak eta Espainiako Gobernuak telebistaren egoera legeztatu eta emisiorako lizentzia eskuratzeko aukerarik gabe utzi ondotik, erabakirik zentzuzkoena arduraz jokatzea dela ikusi da. Horrek ttipi-ttapako langileengan ere eragina izanen du. Bi langile kaleratu beharko ditu ttipi-ttapak eta hirugarren bati ez zaio kontratua berrituko. Duela hilabete bat uste zen posible izanen zela telebistari eustea diru eta giza baliabide gutxiagorekin. Denborarekin, ordea, garbi ikusi da usteak ustel zirela, eta baldintza minimoen azpitik saiatzea, batere erreala ez izateaz aparte, kaltegarria ere izan daitekeela epe ertain eta luzera begira. Gauzak horrela, hemendik aitzinera indar guztiak aldizkaria eta (www.ttipi.net) webgunea indarberritzera bideratuko dira. Biak ere itxura eta eduki berriez hornituak ikusiko dituzue hemendik guttira, udaberria baino lehen.

1998ko ekainaren 15ean lehen emisioa

Prestakuntza lanak lehenagotik hasiak baziren ere, 1998ko ekainaren 15ean hasi zen emititzen Ttipi-Ttapa Telebistaren programazioa. Geroztik ibilbide oparoa egin du, alde gozo eta gaziekin, horrelako egitasmoetan normala izaten den bezala. Eta hori aunitzen lanari, laguntzari eta konfidantzari esker izan da. Mila esker, beraz, hau posible egiten parte hartu duzuen elkarte, udal eta mankomunitate, laguntzaile, ikusle, publizitatea egiten duzuen eta langile zareten eta izan zareten guztioi. Ttipi-Ttapan badakigu krisi garaian gaudela –badakigu, era berean, etengabeko krisia dela euskarak bizi duena Nafarroan– baina ziur gaude gauza izanen garela zailtasun hauei ere aitzin egiteko eta etorkizunari behar bezain sendo eusteko. Bide horretan, gogoeta zabal bati ekin zaio gure eskaintza komunikatiboa garai berrietara nola egokitu aztertzeko. Eta bidenabar, proiektu berriak ere garatuko dira 2009an, batzuk aldizkari eta webgunearen zuzeneko garapenari lotuak eta, bertze batzuk zabalagoak, diru sarrerak haunditzera bideratuak.

Seinalea ez da galduko

Aipatu beharra dago, telebistaren seinalea ez dela galduko otsailaren 1etik aitzinera. Eguneko emisiorik ez da izanen, ezta albistegirik, erreportairik edo elkarrizketarik ere, baina ttipi-ttaparen kanala ez da beltzean ikusiko. Eguneroko albisteen laburpena idatziz ikusi ahal izanen dira; urtebetetzeak, merkatu ttikia, hileta elizkizunen berri, abisuak, agenda… Musikak eta Xorroxin Irratiaren emankizunak beteko du audio atala.

Hameka urte, milaka bizipen

Ttipi-Ttapa Telebistaren kasik hameka urte hauetan hainbat bizipen, grabazio, elkarrizketa, erreportai eta albiste eman ditugu, eta zuek, ikusentzule finok etxean hartu dituzue. Izan ere, telebista ez baita deus hartuemanik gabe, ttipi-ttapan egin den lana ez bailitzake deus izanen zuek telebista piztu eta gero eta aukera zabalagoaren artean ttipi-ttapa Telebista aukeratuko ez bazenute: zenbait oroitzapen, gazi, gozo, pozgarri, trixte… Irria ahora ekartzen duten berriak, begiak bustitzen dituzten albisteak. Milaka izan dira; herrietako bestak, feriak eta inauteriak… adineko jendearekin egindako Kontu Kontari saioak… gure inguruko jendearen lana, ohiturak, pasadizoak eta bertze biltzen zituzten erreportai bereziak… Jokoa Solas saioan koxenioak izan genituen Gasherbrum igotzen ari ziren Berako mendizaleekin, baita Glasgowen jokatu zen Munduko sokatira txapelketarekin ere… Ameriketara artzain joandakoekin egindako elkarrizketa eta erreportai-xorta… Zenbat halako!

Itxieraren ondorioz hainbat elkartasun mezu

Ttipi-ttapa Telebistaren itxiera ezagutzera eman denean, hainbat jenderen elkartasun mezuak jaso ditugu: partikularrak, alderdiak, sindikatuak, publizitatea egin duten komertzioenak, laguntzaileenak… Komunikabideetan ere hitzetik hortzera ibili da ttipi-ttapa Telebistan: ETBko albistegietan, Pásalo programan, Postdatan… baita inguru honetan banatzen diren egunkarietan, irratietan… Ez da pozgarria horrelako berri batengatik denen ahoan ibiltzea, baina, jendeak sentitu duela somatu dugu eta horrek hunkitzen gaitu. Aralarrek prentsa-oharra ere karrikaratu zuen, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika salatuz eta euskarazko hedabideak diruz ez laguntzeko erabakiak lehen ondorioa izan duela nabarmenduz. Aralarren ustez, “hitz politen gainetik, errealitate gordinak agerian uzten digu euskarazko hedabideei laguntzak ukatzea hauek galbidean jartzea dela. Milaka herritar kaltetu ditu erabaki horrek, euskarazko telebistarik gabe utzi baititu”.
Eusko Alkartasunak ere, Lesakan egindako agerraldian, elkartasuna adierazi nahi izan zion Ttipi-ttapa Telebistari eta langileei. ELA sindikatuak ere, elkartasuna adieraztearekin batera, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu du eta komunikabide honen itxiera Miguel Sanzen gobernuak euskararen aurka daraman politikaren ondorio zuzena dela azpimarratu du. Nafarroa Bai taldeak ere bere elkartasuna adierazi dio ttipi-ttapa telebistari.
Inguruko zenbait udal eta Euskara Mankomunitate kezkatuta azaldu dira egoera dela-eta. Bortzirietako Toki Ona Institutuko Guraso Elkartetik hedabide honek egin duen lan haundi eta garrantzitsua ere eskertu nahi izan dute. Ttipi-Ttapa Telebista gurekin berriz izanen dugulako esperantza ez dugula galtzen azpimarratu nahi izan dute.
Gu ere itxaropen horrekin agurtu nahi dugu, berriz elkar ikusiko dugulakoan, berriz ere harremanean izanen garelakoan, berriz ere herriko bestak, iñauteriak eta bertze ospakizunak elkarrekin konpartituko ditugulakoan… Gozamena izan da elkarrekin bidea egitea…
Adiorik ez, gero arte baizik…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun