Doneztebeko haurtzaindegia Hezkuntza Departamentuaren baimenaren zain dago irekitzeko

ttipi-ttapa 2009ko urtarrilaren 29a

Ate irekien eguna izanen dute larunbatean Doneztebeko haurtzaindegian. TTIPI TTAPA

Larunbat honetan, ate irekien jardunaldia antolatu da larunbaterako

Laster zabalduko ditu ateak Doneztebeko haurtzaindegiak. Dena prest dago eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak baimena ematen duenean paratuko da martxan. Obrak bukatuak eta haurtzaindegiko langileak aukeratuak daude: hiru hezitzaile, zuzendaria, sukaldaria, honen laguntzailea eta garbitasunaz arduratuko dena ariko dira lanean. Miguel San Miguel alkateak adierazi digunez, Jaunaga Eraikuntzak enpresak egin ditu obrak, 285.000 euroko aurrekontuarekin, eta dirulaguntza %60 ingurukoa da. Barreneko altzariak paratzeak, berriz, 70.000 euroko gastua eragin du. Kasu honetan, laguntza %95ekoa da. Dena prest dagoenez, barrenetik zein kanpotik nola gelditu den erakusteko ateak zabaltzeko eguna eginen dute larunbat honetan, urtarrilaren 31n, goizeko 10:00etatik aitzinera.

46 haurrentzako tokia

12 eta 36 hilabete artean dituzten 46 haur hartzeko tokia izanen du haurtzaindegi berriak, baina ikasturte hau 38rekin hasiko duela jakinarazi digu alkateak. Bertzalde, eraikinak hainbat gela izanen ditu: gela bikoitza zerbitzuekin, gela xumea zerbitzuekin, zerbitzu anitzeko gela batez ere jantoki eta tailerrak egiteko, sukaldea, jolas-gela, harrera, bulegoak, bilera gela, ikuztegia, aldagelak, despentsa, biltegia eta bi patio, bat estalia eta bertzea aire zabalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun