Errekako binakako pilota txapelketako finalerdi gehienak erabaki dira

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 29a, 15:36

Errekak antolatutako eskuz binakako zazpigarren txapelketa azken txanpa sartua da. Finalak martxoaren 7an jokatuko dira Donezteben, baina otsailaren 1ean eta 4an jokatzekoak dira finalerdi gehienak. Asteazkenean, senior elite kategoriako final laurdenetako partidak jokatu ziren Donezteben asteazken arratsaldean. Aurrera Saiazeko Ontsalo eta Xabi Arraztoak 22 eta 10 irabazi zieten Gure Txokoako Moustiratz eta Errekari; Hernaniko Esnal eta Gorrotxategik 22 eta 20 irabazi zieten Zugarraldeko Ollo eta Landiribarri; Gure Txokoako Pikabea eta Otxandorenak 22 eta 16 irabazi zieten Ioldi eta Galarragari eta Renobales eta Koldo Galarragak 22 eta 21 irabazi zieten Errekako Angita eta Elgoibarko Loyolari. Honela, otsailaren 4an Donezteben jokatuko diren finalerdietan, Ontsalo eta Arraztoa, Esnal eta Gorrotxagiren kontra ariko dira lehenik eta Pikabea eta Otxandorena, Renobales eta Galarragaren kontra ondotik.

Ttikienen finalerdiak otsailaren 1ean

Benjaminetan, otsailaren 1ean, goizeko 10etan jokatuko dituzte finalerdiak Donezteben: Azpeitiko Alberdi eta Balerdi, Errekako Mikel Lana eta Julen Indaren kontra alde batetik eta Oiartzungo Leonet eta Ugalde, Goizuetako Umore Onako Apezetxea eta Salaberriaren kontra bertzetik Segidan, leku berean, alebin mailako finalerdiak jokatuko dira: Lizarrako San Miguel elkarteko Zalduendo eta Anduaga, Beti Onak elkarteko Ayesa eta Iruritaren kontra batetik eta Andoaingo Arrue eta Gaztañaga, Zugarraldeko Pedroarena eta Ezkirozen kontra. Ondotik, infantil mailako finalerdiak jokatuko dira: Zugarralde Larunbe eta Alduntzin, Oiartzungo Ugalde eta Zapirainen kontra eta Bi Aizpeko Lizarraga eta Tollar, Leitzako Aurrerako Olano eta Iparragirreren kontra. Kadete mailako finalerdiak ere Donezteben jokatuko dira: Etxarri Aranazko Gure Pilotako Ijurra eta Lasa, Errekako Zestau eta Karrionen kontra eta Andoaingo Ariztimuño eta Ulanga, Añorgako Cristobal eta Lizasoren kontra. Jubenil mailan, bi multzotan banatu dira partehartzaileak eta multzo bakoitzeko finala ere otsailaren 1ean jokatzekoa da Donezteben. A multzoan, Añorgako Loidi eta Markinako Aretxabaleta, Manterola eta Arzelusen kontra eta B multzoan, Aurrera Saiazeko Sukia eta Arratibel, Hernaniko Arrieta eta Azpitarteren kontra. Multzo bakoitzeko irabazleek final nagusia jokatuko dute, bertze kategoriatan bezala, martxoaren 7an.

Bigarren mailako seniorren final laurdenak

Bigarren mailako senior kategorian, koxka bat gibelerago daude eta heldu den asteazkenean, otsailaren 4an jokatzekoak dira final laurdenetako partidak Berako Eztegaran eta finalerdiak otsailaren 11n jokatuko dira Donezteben, 19:00etatik aitzinera.

Kasik 300 pilotari mugitzen dituen txapelketa

Aipatzekoa da kategoria bakoitzean 16 bikotek hasi zutela txapelketa, 112 bikote guzira. Txapelketa nagusiarekin batera, Errekako pilotari ttikiek bigarren mailakoa jokatzen ari dira, benjamin, alebin, infantil eta kadete mailetan, buruz buru nahiz binaka. Benjaminetako bi mailatan 28 pilotari ari dira, alebinetako bi kategoriatan 18, infantiletan 6 eta kadetetan 8. Beraz, Errekako txapelketa honek kasik 300 pilotari mugiarazten ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun