Larunbat honetan abiatuko da Auritzen Nafarroako 38. bertsolari txapelketa

ttipi-ttapa 2009ko urtarrilaren 29a

Julen Zelaieta txapelduna Goizuetako finalerdian hasiko da txapela defendatzen. TTIPI TTAPA

25 bertsolari ariko dira eta martxoaren 21ean izanen da finala Elizondoko Lur aretoan

Larunbat honetan abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 38. edizioa. Urtarrilaren 31n Auritzen eginen den saioarekin hasi eta martxoaren 21ean Elizondon finala jokatu bitartean hainbat saio izanen dira. Guztira 25 bertsolari ari dira, eta iazko txapelduna izan ezik, gainerakoak lehen fasetik abiatu beharko dute. Nabarmentzekoa da, bertsolari gehienen gaztetasuna, horietako aunitz 25 urtetik beheitikoak baitira. Txapelketaren egitura ere desberdina izanen da aurtengoa. Lau azken-laurden jokatuko dira seina bertsolarirekin, eta horietatik 17 bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoetarako, azken-laurden bakoitzeko lehenbiziko bi sailkatuak eta puntuaziorik onena jaso duten bederatziak.

Azken laurdeneko saioak Auritz, Igantzi, Betelu eta Tafallan

Lehenbiziko azken laurdena ilbeltzaren 31n eginen da Auritzen eta sei bertsolari hauek hartuko dute parte: Elizondoko Jon Barberena, Gartzaingo Jon Elizetxe, Arraiozko Bittor Elizagoien, Aurizko Aimar Karrika, Iturengo Alazne Untxalo eta Iruñeko Saioa Alkaiza.
Bigarren azken-laurdena otsailaren 7an jokatuko da Igantziko Jubilatuen Elkartean, 17:30ean. Sei hauek ariko dira: Gorritiko Julio Soto, Lesakako Iñigo Olaetxea, Iruñeko Oier Lakuntza, Etxarriko Eneko Lazkoz, Iturengo Iker Gorosterrazu eta Berako Garazi Taberna.
Biharamonean, otsailaren 8an, hirugarren azken-laurdena jokatuko da Beteluko Zigari Elkartean, 17:30ean. Sei hauen txanda izanen da: Lesakako Erika Lagoma, Leitzako Miel Mari Elosegi Luze, Zubietako Ander Fuentes “Itturri”, Beteluko Aritz Saragueta, Iruritako Iñaki Aleman eta Iruñeko Iñigo Ibarra.
Otsailaren 14an, larunbata, Tafallako Kube Aretoan jokatuko dena laugarren azken-laurdena izanen da, 17:30-ean hau ere. Lesakako Xabier Terreros, Aranoko Xabier Legarreta, Leitzako Diego Riaño, Lesakako Joxe Juan Zubieta “Etxabe”, Iraizozko Ekaitz Astiz eta lehiaketara itzuliko den eta faborito nagusia izanen den Xabier Silveira lesakarra lehiatuko dira.

Julen Zelaieta txapelduna finalerdira zuzenean

Otsailaren 21ean hasiko da finalaurrekoen itzulia. Goizuetako udaletxeko Ganbaran jokatuko da lehena, 17:30-ean, eta Julen Zelaieta iazko txapeldunarekin batera, azken-laurdenetako bortz ariko dira.
Otsailaren 28an jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Altsasuko Ioartia Kultur Etxean, 17:30ean eta hirugarrena martxoaren 7an izanen da Antsoaingo antzokian, 17:30ean.

Finala Elizondon martxoaren 21ean

Martxoaren 21ean, larunbata, Elizondoko Lur dantzalekuan eginen da finala. Zortzi bertsolari ariko dira lehian. Saioa 17:00etan hasiko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun