Usategiak kultur ondare izendatzeko txostenari alegazioak aurkeztu dizkio Etxalarko Udalak

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 28a, 14:44

Lur zati baten jabeak egin du eta eremu gehienaren jabe Etxalar eta Sarako Udalak dira

Usategiak kultur ondare izendatzeko abiatu den txostenak eztabaida bizia eragin du Etxalarren. Usategietako lur zati baten jabea den Jaime Gazteluren eskariz, Nafarroako Gobernuak Etxalarko Usategiak Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko prozedura abiatu zuen bere garaian, baina ez herritarrak, eta ez Udala ere, ez dira horren alde atera, eta hainbat alegazio aurkeztu dizkiote txostenari. Etxalarko Udalaren arabera, “Usategiak kultur ondare izendatuz gero, hori guztia Udalak kudeatu beharko luke, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuarekin eta Sarako Herriko Etxearekin batera, trepak Sarakoak baitira”. Guztiaren ardura partikular batek hartu nahi izatea da onartu ez dutena. Udalaz gain, Usoa Ehiztarien Elkarteak eta hainbat herritarrek ere alegazioak aurkeztu dituzte.

Zati baten jabea

Udalak dionez, Interes Kulturaleko Ondasun izendatu nahi den eremu guztia ez da Jaime Gaztelurena, “3.470,09 metro koadroren jabea baino ez da katastroaren arabera”, Patxiku Irisarri alkateak aipatu digunez.

Postuen enkanterako aldaketak egin nahi ditu Udalak

Etxalarko alkateak aipatu digunez, afera honek ez du historikoki, baina batez ere azken urtean, usazaleen eta ehiztarien artean izandako tirabirekin zerikusirik, “nahiz eta batzuk bi kontuak nahasi dituzten”. Dena dela, usategien enkanteen inguruan ere aldaketaren bat egiteko asmotan omen dabil Udala eta prozedura irekitzen denerako, “udala ez dela usazaleak Usategietara agertzen diren edo ez diren arduradun egiten dioen punturen bat gehitu beharko dugu, gaizki ulerturik izan ez dadin” aipatu digu Patxiku Irisarrik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun