Asteartean Zubietara bildu ziren joaldunak eta mozorroak

Goizalde URDANPILLETA 2009ko urtarrilaren 28a

Zubietako joaldunak, euripean. TTIPI TTAPA

Asteazkenean kontuen eguna dute Zubietan eta Ituren eta Aurtitzen larunbat eta igandean eginen dituzte

Asteartea, astelehena bezain kopetilun iratzarri zen eta nahiz eta bezperako trumoi eta inezture hotsak ez aditu, ez ziren urrun. Etengabe eta poliki-poliki horrelaxe ari zuen euria, baina bertze behin ere, hori ez zen oztopo izan joaldun izatea barruan duten gizon eta emakume hauentzat. Goizean goiz elkartu ziren gosarirako, beraiek erraten duten moduan eguneko lehen osagai garrantzitsua baita. Gu asteartean, azken urteetan egin ohi dugun moduan Aurtitzera hurbildu ginen eta nahiko giro lasaia somatu genuen elkartean.

Gosaria Aurtitzen

Jadanik gizon-emakumeak mahai inguruan elkartuak ziren gosariko lehen platerak dastatzen. Egunotan sukaldariek lan franko izaten dute eta ziur hauen lana ez dela nahikoa eskertzen. Ehunka arraultze frijitu, txistor mutur eta xinger xerra ateratzen dituzte plateretara eta prest izaten duten saldak barrena bizitzen du. Beraz, pare bat mahai luze prest zituzten, baina erran behar bakarra bete zela. Egun hauetan sekula ez da jakiten zenbat jende bertaratuko den eta hori nahikoa gauza deserosoa ere suerta daiteke. Izan ere, ez dakite zenbat prestatu. Baina lasai, emakume hauek ez direla lanarekin izitzen! Eguerdiko 12:00ak geroz eta hurbilago daude, eta hasiak dira lehen kanpotarrak elkartean sartzen. Geroz eta bero gehiago egiten zuen elkartean, eta hori leihoak zabalik zituztela… Joaldunak, haurrak, bisitariak… azkenean txiki geratu zen eta hori elkarte ederra dutela aurtiztarrek! Abarkak ongi lotu behar dira, baina aldi berean mimo aunitzekin, bestela babak ateratzen bai dira, eta kontuan hartuta egon osoko jarduna izaten dela…Ez da bakarrik joareak eraman eta astintzea, beste mila gauza ere kontuan hartu behar dira. Ohitura dute aurtiztarrek denak beztitu ondotik herriari itzulia eman eta eskea egiteko. Halaxe gertatu zen asteartean ere, eta hori euriak bertze behin ere, ez zuela atsedenik hartu. Lan horretan zihardutela utzi genituen, oraindik ere Zubietara joatekoak baiginen.

Zubietara

Zubietako Herriko Etxea hutsik zegoen hasieran, baina poliki-poliki itxura hartzen hasi zen. Azkenean txokoa dena bete zen eta ez batere lekurik bertan egoteko. Pentsa hainbeste joaldun eta denak elkarri joareak jartzen laguntzen… dena exkax. Denak prest zirenean lehen saiotxoa egin zuten, baina beti ere elkartearen inguruan, kanpora atera gabe eta ttuntturrua buruan paratu gabe. Atsedenalditxo baten ondotik, orduan bai, orduan herriari itzulia eman zioten. Herriari itzulia ematen zioten bitartean. Mozorroek plaza bete zuten eta bat baino gehiago izututa geratu zen zubietarrek atera zituzten mozorro eta bestelakoekin, denetarik ikus ahal izan bai genuen. Hori bai, definitzea erabat zail gertatzen da: Zubietako inauteriak! Sasiak, oteak, txekor buruak, ongarria, kisua… denetik, badakizue zeinen garrantzitsuak diren mozorroak Ituren eta Zubietan, baina gehienbat, Zubietan.

Errotaraino Aurtitz eta Iturengo joaldunen bila

Azkenean, eta eguerdiko 14:00ak pasa zirenean herriko sarrera hartu eta Errotaraino hurbildu ziren joaldunak. Elkartzea haratago egiten dute, baina euria etengabe ari zuenez, errotaren aterpea gustura hartu zuten. Hamar minutu inguru esperatu behar izan zuten, izan ere, aurtiztar eta iturendarrak segidan iritsi baitziren. Zubietarrak 30 joaldun inguru ziren, eta Aurtitz eta Iturendik ere, zenbaki polita bertaratu zen eta hori, dakizuen moduan, herri bakoitzak gonbidatuak hartzen dituenean jendea gehiago animatzen dela. Helduak, gazteak, haurrak… denak bat eginik tradizioari eutsiz. Eta hala, berriz ere herrira itzuli ziren guztiak lerro eder bat osatuz. Plaza jendez gainezka zegoen eta batzuk mozorroengandik ihes egiten zuten bitar tean, besteak joaldun multzoa noiz iritsiko zain zeuden. Joan etorria egin eta tradizioari eutsiz, piper opilak banatu ziren joaldun guztien artean. Azkenean Herriko Etxean sartu ziren joaldun guztiak saioari bukaera emanez, baina mozorroek ziur egun osoko jarduna izanen zutela, eta are gehiago hainbeste gazte izuti ikusita. Ze nolako mokadu ederrak bilakatu ziren! Arratsaldeko 15ak ziren eta erraten ahal dugu, goiz osoan atertu gabe, zubietarren egun handia burutu zela, eta primeran, gainera. Orain kontuak garbitu eta azken afariak eginen dituzte. Batzuk aste tartez, baina gehienek, asteburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun