«Zurekin barre egin, ez zure bizkar» kanpaina abiatu da Nafarroako ikastetxeetan

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 27a

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei gatazkak hitzen bidez konpontzen erakutsi nahi zaie

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako bizikidetza hobetzeko hirugarren kanpaina aurkeztu du, "Zurekin barre egin, ez zure bizkar” lelopeko kanpaina. Kanpainaren bidez ahaleginak egin nahi dituzte prebentzioaren arloan, jakina delako haur eta gazteekin egindako prebentzio jarduerak eraginkorrak izaten direla.

Gatazkak hitzen bidez konpondu

Kanpainaren helburuak honako hauek dira: ikasleei gatazkak konpontzen erakustea, begirunean oinarrituta eta irudimenezko erantzunen eta hitzen bidez; ikasleei jasankorrak izaten eta indarkeria saihesten erakustea, bizikidetzako gatazka guztietan eta ikasleei gatazkak konpontzeko gaitasun handiagoa izaten erakustea. Horretarako, oinarrizko gaitasunak, autonomia eta ekimen pertsonala, kausazko eta ondoriozko pentsaera, ikuspegia, helburuak erdiesteko bideen erabilera, eta ordezko pentsaera landuko dituzte.

52.700 ikasleei zuzendua

Kanpainarako bederatzi ipuin eta bertze hainbertze gidaliburu didaktiko diseinatu dituzte. Bukaera txarra edo ez hagitz ona duten kontakizunak dira, bukaera bidegabea, tristea, bortitza edo osatugabea duten kontakizunak. Hala, ikasleek istorioak akautzeko modu hobeak proposatu ditzakete, bizikidetzan, begirunean eta laguntzeko nahian oinarrituta.
Kanpaina ikasgeletako lanaren bidez ere landuko dute, 57.200 ikaslerekin: 19.700 ikasle Haur Hezkuntzakoak, 3 eta 5 urte artekoak alegia, eta 37.500 ikasle Lehen Hezkuntzakoak, 6 eta 12 urte artekoak.
Kanpainako material guztiak honako hauek dira: hamaika ipuineko liburu bat, gidaliburu didaktiko bat unitate bakoitzeko, eta horma-irudi bana ipuin bakoitzerako (ipuinaren gaiaren araberakoa).
Materialak gaztelaniaz argitaratuko dituzte, eta honako webgune hauetan euskaraz ere egonen dira, irakasleek eta senideek erabiltzeko: http://educacion.pnte.cfnavarra.es/portal/Informazio+interesgarria/Bizikidetzarako+aholkularitza/Irakasleak?languageId=6

Bizikidetzari buruzko datuak

2007ko uztailetik 2008ko urtarrilera bitarte, Hezkuntza Departamentuko Bizikidetza Aholkularitzak 67 eskaera jaso zituen, eta 2008ko uztailetik 2009ko urtarrilaren 16ra bitarte, berriz, 79 eskaera. Beraz, eskaera kopurua %17,9 handitu da. Aldiz, esku-hartzerik behar izan duten kasuen kopurua %32,35 txikitu da. Beraz, kontsulta gehiago egiten dituztela baina kontsulta larrien kopurua nabarmen txikitu dela ondoriozta daiteke. Bertzalde, kasu gehienak ikastetxeetan bertan konpontzen dituzte, eta Bizikidetza Aholkularitzak aditzera eman duenez, ikastetxeak Bizikidetza Planak edo urteko zehazpenak lantzen ari diren hilabeteetan (irailetik azarora) kontsulta kopurua handitu egiten da, %42 (36tik 61era). Beraz, gaiak prebentzioaren ikuspuntutik aztertzen direnean kontsulta gehiago egiten dituzte, eta horixe bera da kanpainaren oinarrizko helburua: prebentzioa.

Kontsultetarako doaneko telefono zenbakia

Kontsultak egiteko telefono zenbakia (doakoa) 900 848 551 (Acoso/Jazarpena) da, eta posta elektronikoko helbidea, berriz, convive@navarra.es.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun