Astelehena, urtarrilaren 26a, deabruak bere presentzi deitoragarriena agertu nahi izan zuen Iturenen. Ezin da hitzekin ongi adierazi zer nolako koldar agertu zen eguraldia Iturengo inauterietan. Bezperarako eguraldi txarra ere iragarrita zegoen Sunbillan, eta nahiko barkatu zuenez, denek pentsatzen genuen gauza bera gertatuko zela Iturenen. Baina ongi erraten den moduan, usteak erdi ustel. Astelehen goizerako joaldun guztiak prest zeuden, beraien egun handia iritsi bai zen. Tradizioak dio gosari eder batekin hasten dela eguna eta halaxe gertatu ere. Herriko Etxeko ganbaran mahai luze batzuk atontzen dituzte bildutako guztiei gosari bero eta fundamentuzkoa eskaintzeko. Arroltze, magra eta xixtorrak ez dira sekula faltatzen eta ardo trago bat ere beharrezkoa izaten da giroan sartzeko. Goizeko 11:30ak ziren janzten hasi orduko. Ganbarak nahiko itxura lasaia erakusten du, gutxienez lehendabiziko ordu hauetan. Baina poliki-poliki jendea hurbiltzen hasi zen eta hain gustuko duten unea bertatik bertara segitu nahi izan zuten.
Ganbaran mugimendua
Gero eta joaldun gehiago janzten ari ziren eta Joxe Mari Fagoagak jakitera eman zigun erne ibili behar ginela ustekabean eta soka estutzean harrapatu bai gintuzten. Eskertzekoa da urtero ematen dizkiguten erraztasunak eta zeinen abegitsu agertzen diren. Gazteak dira etorkizuna eta atsegin handia da zeinen ilusionatuak egoten diren ikustea. Aritz Fagoaga Etulain, Jon Erro Fagoaga eta Xabier Sein Goñi helduei begira zeuden bere txanda noiz iritsiko. Urduri eta alai, egunak aunitz erran nahi baitu. Cristopher Alvarez Giraldo ere gogotsu zegoen. Kolonbiarra sortzez, sei urte ditu Iturenen bizitzen eta azken hiruetan joaldun atera da: “Behin mugimenduak ikasita ez da hain zaila” dio.
Iturendarrak Aurtitz eta Zubietakoen bila
Egurdiko 13:00ak aldera, lehenik zenbait joaldunek itzulia eman zieten herriari puxka biltzen, bertzeak janzten ari ziren bitartean. Euria ari zuen, baina horrek ez zuen sobera axola. Arkupean sartu ginen, momentu batean gutxienez idor egotea komeni bai zitzaigun eta aurpegi ezagun batekin ere topo egin genuen. Aitor Elkoro pilotaria lehen aldiz hurbildu zen Iturenera, “giro herrikoi hau” atsegin duelako. Azkenean atera ziren guztiak eta hasi ziren lanean. Joareak astintzen hasi orduko jendea plazan inguruan bildu zen. Eta poliki-poliki Lasagako bidea hartu zuten. Ez da bide luzea, baina eguraldiak erakutsi zuen maltzurkeria ikusita, nahiko nekosoa suertatu zen. Astelehenean 37 iturendar atera ziren, tartean bi emakume. Lasaga auzoan zain egon ziren momentu batean joaldunak lehen mozorroek bere agerraldia egin zuten bitartean. Bustiak, baina emozioz beterik…hori izan daiteke laburbilduz asteleheneko eguna definitzen duena.
Lasaga auzoan elkarrekin topo, kazkabar erauntsiaren azpian
Eta bat-batean eta kasik erran daiteke, ustekabean…iritsi ziren Aurtiz eta Zubietako joaldunak. Bat egin eta herrirako bidea hartu zuten guztiek. Bisitariak ez ziren aunitz izan, aurtiztarrak 14 inguru eta zubietarrak beste dozena bat. Itzulerako bidean kazkabar erauntsi gogor batek astindu gintuen guztiak, eta hori dagoeneko blai eginda geundela. Haizea, euria, kazkabar pikor lodi batzuk…zerbait gehiago? Bakarrik elurra falta zen bere agerraldia egiteko, baina egia errateko, aukeran, nahiago elurra euri eta kazkabarra baino. Herrirako bidean auzotarrak ere etxe atarira atera ziren eta nolabaiteko ongi-etorria ematen zieten, azken finean Iturengo inauteria bertara iristeak bere garrantzia baitu. Desfile guztia herrian bakarrik eginen balitz ez lituzkete ikusiko, edo bertzela herrira jaitsi beharko lirateke, baina modu honetan inauteri giroa herri osoan barreiatzen da. Erran moduan, bide motza, baina aldapatsua eguraldiagatik. Plazara hurbildu orduko aterki aunitz sumatu genituen eta noski, hauen azpian jende mordoa. Normalki astelehenean kanpotar aunitz agertzen da, baina aurten sekula baino jende gutxiago ikus ahal izan dugu. Herri sarreran foruzainek ez zuten lan handiegirik izan. Bere ibilbidea segituz eta izugarrizko ilara luzea sortuz, herri sarrera bitarte joan eta itzulia egin zuten. Ez omen dute beraien ibilbidea aldatzen eguraldiaren gora beherak tarteko, baina ziur salda bero bat hartzeko gogoz zeudela. Gainera, jadanik bazuten tarte handi xamarra jo eta jo ari zirela, beraz, ziur atsedenaldi bero bat hartzeko desiotan zeudela. Ze pena sentitzen ote duten barrenean urte osoan honen zain egon ondotik…
Berriz ere plazara buelta
Hala, berriz ere herri sarreratik plaza aldera jo zuten, azken txanpan sartzeko prest. Estanpa ederra sortzen dute hiru taldeek bat eginik plazan sartzen direnean. Zaila da hitzekin adieraztea, eta hori gu kanpoan gaudela. Plazan ohiko itzuliak egin zituzten eta ordurako bi hartzak ere bazter guztiak asaldatzeko prest zeuden. Gu ere bere indar guztiarekin hartu gintuen eta kamara eta guzti lurrean barna erortzeko zorian egon ginen. Badakizue, lanaren gora beherak! Hartzak nahiko bihurri ibiltzen dira jende tartean sartzen eta ahal bada izutzen. Hori da asmoa. Gainera, zubietarrek ez dute larrurik eramaten soinean eta oraindik ere bustiago zeuden. Aurpegiek sufrimendua erakusten zuten, euriak eta hotzak bortizki astintzen baitzien. Zenbait orga ere atera ziren, baina agian, beste urteetan baina gutxixeago. Mozorroak dira nagusi eta aurpegia estalia eramaten dute nor diren ezagutzera ez emateko. Gainera, ohiko moduan, Zubietako talo egileek ere tarte bat hartu zuten plazan. eta bere lagunek prestatzen dituzte mimo eta gogoarekin!