Igandeko desfilea jendetsua izan zen Sunbillako inauterietan

Gurutze PIKABEA 2009ko urtarrilaren 26a

Zineko kamerak ere izan ziren Sunbillan Erdi Aroan girotutako pelikula bat grabatzen, zaldun eta dragoi eta guzi. TTIPI TTAPA

Berriz ere imajinazioz landutako karroza ikusgarriak ibili ziren karrikaz karrika

Ortziraleko gazteen eskearen ondotik, Sunbillako inauterien beste aurpegia ikustea geratzen zitzaigun. Egia errateko bi inauteri erabat ezberdin islatzen dira eta batetik, tradizioari eutsi nahi izaten dioten bitartean, igandean kanpoko jendeari begira ilusio eta gogoz egiten dituzten orgak agerian utzi zituzten. Ez dakigu misterioa izaten den bakoitzaren gaia, baina bederen ixilpean gorde nahi izaten dute guztia. Herri txikia da baina, eta azkenean, zantzuren bat edo bertze hartu izaten dute.
Goizeko 11.30erako iragarria zegoen desfilearen hasiera, eta egia erran nahiko puntualak izan ziren. Hasiera eman bitartean orga guztiak Ulibeltzak elkartearen inguruan kokatu ziren han ezarria baitago hasiera. Jende mordoa zegoen kalearen bi aldeetara xehetasun bat bera ere galtzeko asmorik ez zutelako. Aunitz jende kanpotarra zen eta egun pasa Olaztitik etorriak zirenak ere ikusi genituen. Baina hurbileko jendeak, orohar, eskualdekoak gustuko izaten ditu Sunbillako inauteriak, eta gehienbat igandeko desfilea.

Salda, ardoa, tortilla, taloak eta gaztainak desfilea irekitzeko

Dakizuen moduan beti hiru izaten dira desfilea zabaltzen duten orgak eta gainera hauek guztiz atseginak izaten dira bisitarientzako. Sunbildarren borondatearen adierazgarri dira eta hiruetan janaria eta edaria partitzen dute. Zehazki: tortilla, taloa gaztarekin, gaztainak, salda eta ardoa ematen zaie nahi duten orori eta horretarako gaueko ordu txikietan jaikitzen da jende multzo bat guztia prest izateko. Beste urteetan hotz handia egin izan du eta elurra ere ikus ahal izan dugu. Ederki sartzen dira salda bero bat edo opil zati bat. Hau bitxia egiten zaie kanpotarrei ez baita ohikoa debalde hainbeste gauza partitzea. Kantitateak ez dira nolanahikoak izaten eta zehazki 1.800 arrautza erabili ziren tortillak egiteko, 600 talo, 2 kiloko 10 gazta barra, 450 litro salda eta 100 kilo gaztain jarri ziren jendearen eskutan.
Halaberean, eta hiru orga hauen gibeletik traktore bat zihoan eta berak tiratua, bildotsa eta zerria. Hauen zozketa desfilea amaituta egin zen. Jendeak nik uste banatzen dena eskertuz gustu handiagorekin erosten dituela txartelak eta hau diru sarrera garrantzitsua da egun honetan. Eta behin hiru orga hauen pasatuta eta zozketatu behar ziren zerria eta bildotsari begiratua eman ondotik, herritarrek hainbeste mimo eta gogoarekin egin dituzten karrozen txanda izan zen.

Imajinazioz landutako hainbat karroza

Beti pentsatu ohi dugu helduen lana dela orgena, eta hilabeteak ematen dituztela guztia prestatzen. Baina imajinazioak ez du adinik eta haur hauek futbola aitzakia hartuta Errelaren etorkizuna denen ahotan jarri zuten. Arbitroak nahiko lan zuen zuri eta gorrien arteko partida honetan epaitzen eta behin baino gehiagotan pilotak ikusleen artera ihes egin zuen. Ziur beraien parte hartzarekin aunitz disfrutatu zutela eta harrobia indartsu dagoela garbi ikus ahal izan genuen. Hauen ondotik Grand Prix Ttiki izenekoa heldu zen. Telebista programa bat aitzakia hartuta bi orgatxo prestatu zituzten gazte hauek. Batean saioaren gidaria zegoen parte hartzaileekin eta bigarren batean helmuga. Igerileku txiki bat zeharkatu behar zuten joarea astindu ahal izateko, eta ez pentsa, ez zen irudi zuen bezain erraza. Gainera haur txiki-txikiak zirela irudikatzen zuten eta nahiko lan zuten beraien jantziekin eta baita otsoarekin ere, maltzurkeriak egiten bai zituen non nahi. Goiz osoan zehar udaltzainak lasterka batean zebiltzan karrikan goiti eta beheiti. Nonbait lan mordoa izan zuten Perutik etorritako koadrila bat musika jotzearen aitzakian top manta egitera hurbildu bai zen Sunbillara. Badakizue, hauek ederki dakitela non diren besta edo feriak eta cd eta markako bestelako gailuak bilduak zituzten manten inguruan. Baina ez ziren lasai ibili herrian udaltzainek ez bai zieten lasai utzi. Ze lasterraldiak egin zituen Juanja peruar gaixoak, eta gainera cd bat bera ere saldu gabe aldegiteko… Telebistak bere indarra duela ere ikusi genuen eta gaur egun zenbait telebista kaleetan ikusten diren pressing catch borrokaldi bat ere zuzenean ikus ahal izan genuen. Gazte talde batek irudikatu zuen eta ederki pasatu zuten rinean gora eta behera. Gainera bozgorailu bat baliatuta pertsona batek xehetasun guztiak ematen zituen.

Telebistako pailazoak eta Grease

Gogoangarria izan zen Grease filmeko musika entzutea. Aspaldikoa izanda ere, gustura entzun genuen eta gainera Olivia Newton Jhon eta Jhon Travolta hain hurbiletik ikusteak hunkitu egin gintuen eta dantzan hasteko grina sortu. Organ filmearen zenbait pasarte irudikatu zituzten eta beraien koadrilakoek 80 hamarkada bizirik dagoela beraien jantzi eta musikarekin agerian utzi zuten. Egia erranda, dantzan hasteko gogoa sartzen zen! Eta espazioan ere Sunbillako inauteriek sona badutela ere jakin genuen. Extralurtar koadrila honek hitzik erabili gabe herritar eta kanpotarrekin komunikatu nahi izan zuen eta horretarako behatz antzeko batzuk erabili zituzten. Hori bai, nonbait garagardoa zer den badakite Marte alderdi horretan trago ederrak ematen bai zizkioten! Erlea oso osasungarria dela denek badakigu, baina aunitz aldiz erleek izua sortzen dute gure artean zizt egitearen beldur gehienbat. Atzo lasai asko ibili zen erle talde hau bere erlauntzaren inguruan, baina hori bai, jende ingurura hurbildu ez ezik, zastada bat egiteko prest ziren. Haur gizarajoak izutu eta guzti egin zituzten. Egunak ere atzera begira jartzeko beste aukera bat ere eman zigun eta garai batean telebistan agertzen ziren eta hain famatuak ziren Gabi, Fofo, Miliki eta Fofito pailazoak agertu ziren “La gallina Turuleta” eta guzti. Hauek garai hartako kantak abestu eta dantzatu zituzten eta ziur aski gaur egungo haurtxoek hain famatuak diren Takolo eta Pirritx baino ezagunagoak zirela urte haietan pailazo sendi hauetako kideak. Baina oraindik aunitz geratzen zen ikusteko.

Sunbillako zubia eraikitzen eta motero koadrila

Erdia Aroko lanak gogora ekarri nahi izan zituzten sunbidar gazte hauek. Sunbillako zubia eraikitzen ari ziren, harriz-harri eta izerdi puska botata. Nahiko lan eta sufrimendu, gero sunbildar guztiek erabili ahal izateko. Baina orga hau beste zenbait puskaz hornitua zegoen. Batetik karretilak zeramaten gazte batzuk ageri ziren, noski harria eta gailuak garraiatzeko eta besetik, beste orgatxo batean hiru multzoko gazte talde bat agertu zen harriei mazoarekin eragin eta eragin. Gogotsu hasi ziren, baina uste dut ibilbidearen erdialderako zapuztuz joan zirela. Nahiko lan, ezta! Motorzaleak koadrilan ibiltzen direla ikus ahal izan genuen Sunbillan eta heldu, gazte eta haurrak motoetaz maiteminduak daudela, familia osoek bat eginik. Orgaren gainean Harley Davison mozorrotu bat jarri zuten, niri behintzat moto arruntagoa, baina landua zela iruditu bai zitzaidan. Galtza bakero edo larruzkoak, txupa beltza, buruan zapia eta betaurreko beltzak jantziak zituzten. Koadrila honen lehenengo partaideek moto bat baino, quad bat erabili zuten heldu zirela iragartzeko. Gainera bi partaide eder zeuden gainean eta ez zuten kaskorik, udaltzain bixi horiek ohartu baldin baziren… Eguneko talderik jendetsuena izan zen eta txikienek denen irribarrea eragin zuten, erabat polit eta grazioso bai zeuden. Eta azkenekoa benetan ikusgarria izan zen. “Hau da hau Holliwood” izenburupean palikula bat grabatzen ikus ahal izan genituen. Dragoi bat harrapatu nahi zuten nonbait eta zaldunek nahiko lan izan zuten. Tira, ez dakit zaldunak ote ziren edo astodunak, asto gainean agertu bai ziren. Ikusgarria oso kamara, soinu teknikari eta bestelakoek martxan egin zuten lana, baina hori bai, aktoreena alde batera utzi gabe. Ohiko ibilbidea egin zuten partaide guztiek eta aitortu beharra dut niri behintzat motz egin zitzaidala. Behin orga apainduen erakustaldia amaituta zerri eta bildotsaren zozketa egin zen. Ermitagoia baserrian eskuratu zen 200 kiloko zerri ederra eta bildotsa ez zen bazterrean geratzen. Txartelak eskuratu bazenituzten erran behar dut dagoeneko sarien irabazleak atera direla eta hauek kontent itzuli zirela etxera. Sunbildarrek agur erran diete inauteei eta egia erran, ez dute zorte handiegirik izan eguraldiarekin, nahiz eta atzo nahiko barkatu. Baina asteleheneko panorama ez da aunitzez ere hobea, euria izanen baita Iturengo inauterien nahi gabeko protagonista. Baina hauen berri bihar izanen duzue erreportaje zabal baten bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun