Baliabide turistikoak elkarrekin bultzatzeko hitzarmena sinatu dute Bertizko Partzuergoak eta Bidasoa Bizirik erakundeak

Goizalde URDANPILLETA 2009ko urtarrilaren 26a

Guillermo Etxenike eta Martin Garde, Bidasoa Bizirik eta Bertizko Partzuergoko ordezkariak, hitzarmena sinatzen. TTIPI TTAPA

Bidasoako Bide Berdea bultzatzeko asmoa azaldu dute bi erakundeek

Bertizko Partzuergo Turistikoak eta Irun eta Hondarribiko baliabide turistikoak kudeatzen dituen Bidasoa Bizirik erakundeak hitzarmena sinatu zuten joan den ortziralean, urtarrilaren 23an, Bertizko Partzuergoaren bulegoan, elkarrekin Bidasoa ibaiak zeharkatzen dituen baliabide turistikoak balioan jartzeko. Bidasoa Bizirik erakundearen aldetik Felix Asensio, Irungo zinegotzia eta kontseiluaren presidentea, Maite Pelaez, Hondarrabiako turismo zinegotzia eta Guillermo Etxenike Kontseilari ordezkaria bertaratu dira eta bertzalde, Bertizko Partzuergoaren izenean, Martin Garde Baztango udaleko zinegotzia eta Partzuergoko presidentea, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea eta Izaskun Goñi, kudeatzailea. Lehenik, Martin Gardek hitza hartu du eta besteak beste, Bertizko Partzuergoa Baztan-Bidasoa eskualdean turismoaren sektorea bultzatu eta laguntzeko erakundea dela aipatu du.

Bidasoako bide berdea

Ekitaldian aipatu zenez, “belaunaldiz belaunaldi, Bidasoaren bokale eta sortzearen arteko harremanen seinale tren txikito izan zen, Irun eta Elizondo lotzen zuena. Hitzarmen honetan azpiegitura honen izaera berresten da, egun Bidasoako bide berde bihurtua”. Izan ere, Bertizko Partzuergoaren proiektu nagusi honek, Bidasoa-Txingudiko Partzuergoak bultzatzen duen Badiako bidearekin lotura egoki bat behar du, Bidasoaren bi aldeetan diseinatzen ari diren bi sareetatik sarbidea emateko.

Gai kultural amankomunak

Ondotik, Felix Asensio mintzatu da eta hitzarmenaren xedea Erakundeek Lankidetza plana egiteko konpromisoa hartzea dela erran du, beti ere zenbait helburu aipatuz. Bi eremuetan gai kultural amankomunak daudela aipatu dute: zinea, literatura, musika eta pintura eta hitzarmen honek “kultur ekimen hauek turistikoki baliatzea eta lantzea bilatzen du”. Honen adibide izanen lirateke Bidasoako margolarien kontzeptua, laburmetraien zinemaldiak, folk musika eta besta tradizionalak eta, nola ez, Pio Baroja bezalako literatur irudiak, “El Pais del Bidasoa” deitura ospetsu egin zuena.

Bidasoako jardunaldia

Patxiku Irisarrik, hitzarmenetik at eta instituzioetati gain ere bere balioa ere azpimarratu du, Nafarroan eta Gipuzkoan banatuak izanagatik, naturalki elkartua dagoen eskualdea baita Bidasoaldea. Alde horretatik, hitzarmenak Bidasoa osoko jardunaldi bat aurreikusten du, non agente turistiko guztiek, bai publikoek, bai pribatuek parte hartuko duten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun