N-121A errepidean lau orduko mozketak izanen dira urtarrilaren 27 eta 29an

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 26a

Ituren eta Zubietako inauteriak direla eta, astelehen eta asteartean 13:30etik 15:30era errepidea itxiko da eta trafikoa Saldiastik desbideratuko da

Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, urtarrilaren 27 eta 29an, astearte eta ortzegunean berriz ere leherketak izanen dira N-121A errepideko zabaltze eta egokitze lanen barrenean eta horregatik, mozketak izanen dira.
Mozketa guziak Nafarroako aldean, Endarlatsa-Bera tartean izanen dira, 67 eta 68 kilometro inguruetan. Asteko lehen mozketa asteartean, urtarrilaren 27an izanen da eta lau orduko iraupena izanen du, 12:30etik 18:30ak bitartean. Ortzegunean, urtarrilaren 29an ere, lau ordu inguruko mozketa iragarri dute ordutegi berean, eguerdiko 12:30etik arratsaldeko 18:30era iraun dezake.

Ituren eta Zubietan errepidea itxia astelehen eta asteartean 13:30etik 15:30era

Horretaz gain, aipatzekoa da astelehenean eta asteartean, urtarrilaren 26 eta 27an, Doneztebe eta Leitza lotzen dituen errepidea moztuko dela Ituren eta Zubieta artean, inauteriak direla eta. Zehazki, joaldunen eta mozorroen desfilea egiten denean moztuko da, 13:30etik 15:30era. Beraz, Saldias barna pasatu beharko da ordutegi horretan bai Doneztebe aldera, baita Leitza aldera ere.

Txandakako pasabidea

Bertze aldetik, N-121A errepideko zenbait zatitan txandakako bidea emanen da 24 ordutan, egunez seinalisten bidez eta gauez semaforoen bidez. Honela, Endarlatsa-Bera zatian, 69garren kilometro inguruan, Berrizaun inguruan 58garren kilometro inguruan eta Bera-Etxalar zatian, 61 eta 62garren kilometroen inguruan txandaka emanen da bidea.

Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun