Euskadiko sokatira txapelketa 640 kiloko saioa bakarrarekin abiatuko da larunbatean

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 23a, 13:05

Amaiurko mutilak eta Beti Gazteko neskak izanen dira eskualdeko ordezkariak

Euskadiko Goma Gaineko Zortziko Sokatira Txapelketa bihar hasiko da. 640 kiloko txapela izango dute jokoan zortzikoek, Abadiñoko probalekuan. Bortz talde ariko dira lehian: Abadiño A eta B, Amaiur, Ñapurrak eta Uztaritze. Abadiñok jantzi zuen txapela iaz, eta aurten ere bizkaitarrek izango dute hura berritzeko erronka, baina Amaiur ere, lauko txapelketa irabazi ondotik, zortzikoan ere gauzak zail jartzen saiatuko da.

Gizonezkoak lau kategoriatan, emakumezkoak bakarrean

Gizonezkoak 680, 640, 600 eta 560 kilotan ariko dira Txapelketan, eta emakumezkoak 500 kilotan. 680 kilotan ariko dira ondoko zortzikoak: Abadiño A eta B, Auzolan, Lagunak Urruña, Amaiur eta Uztaritze. 600 kilotan, berriz, Abadiño, Ñapurrak, Berriozar, Amaiur eta Baiona ariko dira ziur, eta Sokarriren partaidetza zalantzan dago. 560 kilotan, Abadiño, Ñapurrak, Berriozar eta Amaiur ariko dira. Sokarrik ere pisu horretarako zortzikoa eratzeko asmoa du. Emakumezkoei dagokienez, Badaiotz, Girizia eta Beti Gazte ariko dira 500 kilotan.

Urtarrilaren 31n Lesakan bigarren saioa

Aipatzekoa da hurrengo jardunaldia urtarrilaren 31n jokatuko dela Lesakan. Bertan, gizonezkoen 600 kiloko jardunaldia eta emakumezkoen 500 kiloko lehenbiziko jardunaldia jokatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun