Ituren, Aurtiz eta Zubietan ere abiatu dira inauteriak

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 22a, 16:51

Astelehen eta astearteko joaldunen jon-etorriak izanen dira ekitaldi nagusiak

Joare soinuak ez dabiltz urruti, gain-gainean baitaude Ituren, Aurtitz eta Zubietako inauteriak. Ortzegunean, joaldunek egin duten lehen puxka biltze eta afariarekin hasi dira. Larunbatean segituko du bestak, afaria eta dantzaldia egiten baita egun horretan. Igandean, jantzi osoa paratuz lehen ibilaldia eginen dute joaldunek karrikaz karrika.

Astelehenean Iturenera

Astelehenean, urtarrilaren 26an, Zubietako joaldunak mozorro eta karrozek lagunduta Aurtiztarrei bisita eginen diete, herriari bira eman eta salda beroa hartu ondotik Iturenera joanen dira. Lasagako Zarandia parean, denak elkartu eta herriari buelta emanen diote. Joaldunek aperitiboa hartzen duten bitartean, plazan karroza bakoitzak bere ikuskizuna eginen du. Eguerdian 15:30ak aldera, bakoitza bere herrira itzuli eta bazkaria izanen dute elkarteetan. Gauean ordu ttikiak arte bestak segituko du.

Asteartean Zubietara

Asteartean, urtarrilaren 27an, Ituren, Aurtitz eta Lasagako joaldunek bisita bueltatuko diete Zubietarrei. Urtero-urtero, batzuen ustez natura ernatzeko eta uzta berri eta ugariak emateko egiten den ohiturari eutsiz.

Kontuen eguna akitzeko

Kontuen eguna izaten da, hain zuzen, Iñauteetako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Zubietan asteakenean egiten dute. Iñauteak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izaten dute Herriko Etxean. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak bertsolariak eta aizkora apostua izanen dira herriko plazan.
Bazkaldu ondotik dantzaldia izanen da eta, mozkorraldia izugarria ez bada, bederen, bestarekin segitzeko aukera dago, afari eta dantzaldian.
Aurtitzen xaharren afaria egiten dute eta Iturenen kontuen afaria, iñauteak heldu den urtera arte agurtuz

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun