Igandeko karrozen desfilearen aitzinetik ortziral goizean abiatuko dira Sunbillako inauteriak

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 22a, 16:48

Bertze urte batez, jende andana bilduko da Sunbillan igande honetako karrozen desfilea ikustera. Baina karrikaratuko karroza ikusgarrien gibelean, ordu eta egunetako lana dago. Jendearen ikusmira sortzen dute, bai, baina aitzinetik lan haundia egin delako. Igande honetan ere, ikusleek izanen dute zerekin gozatu, eta gainera, hotzari aitzin egiteko zerbait hartzeko aukera ere izanen dute. Horretarako espresuki hiru karroza egiten ditu herriak, gainerako karrozei bidea zabalduz. Guztietan lehena tortilla pintxoena izaten da. Salda beroa eskaintzen duen karroza izaten da hurrengoa. Gero, opilak joan ohi diren karrozan, gaztainak ere eskaintzen dira, Auloa baserrian erretakoak, eta ardo beltza ere hor ematen da, 150 litro ardo.

Ortziraletik gazteen eskea eta bertzelako ospakizunak

Dena den, Igandea inauterietako azken eguna da Sunbillan. Baina aitzinetik ere egun mugituak izaten dituzte. Hala, ortziral goizean, herriko mutil gazteak elkartu eta baserriz baserri ibiltzen dira puxkak biltzen eguerdian Bazkaria Ixtola eta Exkerneko borda baserrietan; bazkalondoan, berriz, jaunzteko prest dauden mozorroak paratzen dituzte haurrek. Arratsaldean Herriko haurrentzako txokolatada izaten da Ulibeltzak elkartean. eta gauean, emakumeek, mozorrotuta, afaria izaten dute Ulibeltzak Elkartean. Eskean ibiltzen diren gazteek ere afaria izaten dute eta egun osoan nahiz gauean Agerraldek jartzen du musika.

Larunbata lasaiago

Larunbata lasaiagoa izaten da herritarrentzat, baina mutil gazteek herriko etxez etxeko eskeari ez diote hutsik eginen. 10:00etan gosaria izanen dute Itturburu ostatuan eta ondotik karrikaz karrika eskean ibiliko dira Modesto eta Joxe Angelekin. Eskean dabiltzanentzat bazkaria izanen da Fonda ostatuan eta 20:00etatik 22:00etara dantzaldia Modestorekin udaletxeko arkupetan. Afaria izanen da Elor-txurin eta besta pixka bat egin nahi duenak ere izanen du aukera, baina sunbildar gehienek igandeko egun handiari begira goiz xamar erretiratzen dira larunbat gauean.

Igandeko karrozen desfilea

Arestian aipatu bezala, igandeko egun handia goizeko 11:30ean abiatuko da, karrozen desfilearekin. Galtzagorri txarangaren laguntzarekin, opillak, gaztainak, hezur salda, tortilla eta ardoa banatuko dira ikusleen artean. Ondotik Zerri eta bildotsaren zozketa eginen da eta 14:30ean Bazkaria Ulibeltzak elkartean. Ondotik Dantzaldia Jalisko Band taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun