Heldu den uztailaren 1ean sartuko da Argindar Sektorearen Lege berria indarrean eta horren arabera, argindarraren behe tentsioko sarearen merkatua liberalizatua geldituko da estatu espainiarrean. Hasiera batean, lege hori urte honetako ilbeltzaren 1ean indarrean sartuko zela iragarri zuen Espainiako Gobernuko Industria Ministerioak, baina azkenean sei hilabete gibeleratzea erabaki zuen. Sektorea liberalizatzearekin batera, tarifa erregulatuak desagertu eginen dira eta horren ordez, argindar konpainiei gehienez kobra dezaketena baino ez zaie finkatuko.
Konpainia aukeratzeko denbora
Uztaila bitartean, erabiltzaileek konpainia aukeratzeko denbora izanen dute. Horren harira, Irache Kontsumitzaileen Elkarteak enpresa kontuz aukeratzeko aholkatu du enpresak publizitate kanpaina haundia egiten ari direlako ahalik eta kontsumitzaile gehien biltzeko. Bertzalde, lege berria indarrean jartzeko gutti gelditzen den honetan, erreklamazioak areagotu direla adierazi du Irachek: kontsumitzailearen baimenik gabe konpainiaz aldatu dituzte aunitzetan, hitzezko kontratuak eta idatziak desberdinak izaten ari dira... Kaltetuak batez ere adinekoak omen dira. Maiz komertzialak etxean agertzen omen zaizkie adinekoei euren eskaintzak eginez.
Informazioa idatziz
Egoera horretan, argindar konpaniei informazioa idatziz eskatzeko gomendioa eman du Irachek, eta zorrotz gainbegiratzeko. Horrekin batera, kontratua bera ere idatziz eskatzea garrantzitsua dela dio Kontsumitzaileek Elkarteak, baldintzak zein diren argi azaltzen dituen kontratua, alegia.