Ortziral honetan, urtarrilak 23, Etxalarko Kultura Batzordeak deituta Andra Mari bestak antolatzen hasteko bilera izanen da arratsaldeko 19:30ean Etxalarko Kultur Etxean. Bileran puntu bakarra landuko da: 2009ko bestetako programa. Horretarako, etxalartar guztiei egiten zaie deia, iazko bestak oinarritzat harturik 2009ko proposamenak egiteko, eta modu honetan denon gustuko bestak antolatzeko.
Administrari laguntzaile lanpostua
Etxalarko Herriko Etxeak administrari laguntzale lanpostuko behin betiko plaza betetzeko oposizio deialdia atera du. Azkeneko urte hauetan lanpostu honek behin-behineko izaera izan du, baina hemendik aitzinera behin betikoa izanen da. Lan kontratua egun erdikoa izanen da eta lanpostu honetan izena emateko udaletxean eskatu behar dira argibideak. Hilabete bateko epea izanen da izena emateko.
Larraburuko mus eta partxis txapelketa
Joan den abenduan jokatu zituzten Larraburuko jubilatuek mus eta partxis txapelketako hondar partidak. Musean 22 lagunek hartu dute parte eta partxisean 16 emakumek. Jose Luis Arretxea eta Jabier Irisarri izan dira museko txapeldunak, eta Santiago Olasagasti eta Daniel Iparragirre azpitxapeldunak. 3. postuan Santiago Mitxeltorena eta Gaston Lestuzzi gelditu dira, eta laugarren lekuan Jesus Ansalas eta Leontxio Arburua. Partxisean berriz, Enkarna Iparragirre eta Mari Cruz Andueza izan dira irabazle. Bigarren lekua Marta Maiak eta Gloria Maiak lortu dute, eta hirugarrena Mertxe Santesteban eta Mari Isabel Berruetak. Abenduaren 28an egin zuten sari-banaketa. Txapelak eta trofeoak jaso zituzten irabazleek, eta bazkari ederraren bueltan ospatu zuten parte-hartzaile guztiek txapelketaren akabila. Jose Jabier Zubieta presidenteak erran digunez, «urte aunitz daramazkigu txapelketa antolatzen baina ez du arrakastarik galtzen». Txapelketa hau akabatu orduko, hasiak dira bertze batean; urdaiazpiko txapelketan. Hilabete eta erdi inguruz iraunen duen txapelketa otsaila hondarrean akabatuko dute, eta orduan ere sari-banaketa eta bazkaria eginen dituzte partidak akabatuta. Jan-edana franko eta aspertzeko astirik batere!