Nafarroako bigarren mailako jautsiera kanporaketa urtarrilaren 31n jokatuko da Iturenen

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 19a, 15:05

Donato Larretxea eta Aitzol Atutxa multzo buru bezala pasatu dira Binakako Urrezko Aizkora txapelketako finalerdira

2008ko ekainaren 28an Nafarroako bigarren mailako Aizkolari Txapelketako kanporaketa jokatu zen. Printzipioz kanporaketan sailkaturiko azken 3 aizkolariak maila galtzen zuten, baina Iker Gorriti eta Arkaitz Olanok ezin izan zutenez kanporaketan parte hartu eta mediku agiriak aurkeztu zituztenez, azkeneko sailkaturiko 3 aizkolariek jaitsiera kanporaketa bat eskatzeko aukera zuten, eta halaxe egin zuten.

Lau aizkolari urtarrilaren 31n Iturenen

Datorren urtarrilaren 31n, larunbata, eguerdiko 13:00ean, Iturenen jokatuko da aipaturiko jaitsiera kanporaketa. Parte hartzaileak 4 izanen dira: Beintza-Labaiengo Jon Telletxea, Xanti Olano eta Arkaitz Olano leitzarrak eta Gerendiaingo Esteban Pikabea. Iker Gorriti ere aritzekoa zen baina ez duela parte hartuko jakinarazi du. Jon Telletxea Xanti Olano eta Esteban Pikabea ekainaren 28an azkeneko sailkaturiko 3 aizkolariak dira; Arkaitz berriz, kanporaketa horretan parte hartzerik izan ez zuena. Bi kanaerdiko eta eta 60 ontzako bat moztu beharko dute. Jaitsiera kanporaketa honetan sailkatzen diren lehen bi aizkolariak maila mantenduko dute eta azken biak 3. mailara jautsiko dira Iker Gorritirekin batera.

Donato Larretxea eta Aitzol Atutxa multzo buru Urrezko Aizkoran

Bertze aldetik, Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketan,Donato Larretxeak eta Atutxa II.ak aurreikuspenak bete eta erraz menderatu zituzten igandean Mungian Lopez eta Vicente; horrenbestez, beren multzoko lehen postua eskuratu dute. Lehendik ere finalerdietarako txartela segurtatuta zuten, baina lehen edo bigarren amaituko zuten jakitea falta zen. Azkenean, lehenak izango dira. Arria eta Rekondo ere finalerdietarako sailkatu dira. Nafarrak eta bizkaitarrak probako ekinaldi guztiak irabazi zituzten, eta ez zuten aparteko eragozpenik izan horretarako. Amaieran, lan guztiak burutu ahal izateko 19 minutu eta 31 segundo behar izan zituzten; Lopezek eta Vicentek, aldiz, 21 minutu eta 5 segundo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun