Bertze urte batez, jende andana bilduko da Sunbillan igande honetako karrozen desfilea ikustera. Baina karrikaratuko karroza ikusgarrien gibelean, ordu eta egunetako lana dago. Jendearen ikusmira sortzen dute, bai, baina aitzinetik lan haundia egin delako. Igande honetan ere, ikusleek izanen dute zerekin gozatu, eta gainera, hotzari aitzin egiteko zerbait hartzeko aukera ere izanen dute. Horretarako espresuki hiru karroza egiten ditu herriak, gainerako karrozei bidea zabalduz.
Guztietan lehena tortilla pintxoena izaten da. Eta halako jendetzari zer eskainia izateko tortilla dezente egin behar dira. Jexux Mari Jorajuria sunbildarra antolatzaile lanetan ibiltzen da eta berak argitu digu zenbat arraultza erabiltzen dituzten: “140 dozena erosten dira eta horiez gain, gazteek eskean ibiliz biltzen dituztenak ere horretarako izaten dira”. Goizean goiz elkartu, eta tortillak egiteari ekiten diote. Halaxe izanen da igande honetan ere. Desfilearen momentua ailegatuta, zazpi bat lagun ariko dira lan honetan.
Salda beroa eskaintzen duen karroza izaten da hurrengoa. Eta hemen ere litro aunitz. “350-400 litro inguru”, azaldu digu Jorajuriak. Horiek egiten bezperan hasten dira. Egun haundian, berriz, 6:00etan elkartzen dira eta salda berotzen paratzen dute.
Ordu berean, 6:00etan, opilak egiten hasten dira 12-14 lagun. Eta zenbat opil egiten ote dira? Jorajuriaren hitzetan, “600 inguru”. Ez da gutti, ez horixe. Opilak joan ohi diren karrozan, gaztainak ere eskaintzen dira, Auloa baserrian erretakoak, eta ardo beltza ere hor ematen da, “150 litro ardo”.
Bakoitza berean, baina igande honetan, 11:30ean desfilea hasten denerako, dena prest egonen da.
Ortziral eta larunbatean ere ekitaldiak
Igandea inauterietako azken eguna da Sunbillan. Baina aitzinetik ere egun mugituak izaten dituzte. Hala, ortziral goizean, herriko mutil gazteak elkartu eta baserriz baserrri ibiltzen dira puxkak biltzen; bazkalondoan, berriz, jaunzteko prest dauden mozorroak paratzen dituzte haurrek; eta gauean, emakumeek, mozorrotuta, afaria izaten dute Ulibeltzak Elkartean.
Larunbata lasaiagoa izaten da herritarrentzat, baina mutil gazteek herriko etxez etxeko eskeari ez diote hutsik eginen, eta gauean besta pixka bat egin nahi duenak ere izanen du aukera.
urtarrilak 23 -ostirala baserriak
9:00Gazteek gosaria, ondotik baserrietara joanen dira.
Eguerdian Bazkaria Ixtola eta Exkerneko borda baserrietan.
Arratsaldean Herriko haurrentzako txokolatada Ulibeltzak elkartean.
16:00/18:00 Musika Agerralderekin.
20:00/22:00 Dantzaldia Agerralderekin arkupeetan.
21:30 Eskean dabiltzan gazteen afaria.
Gauean emakumeen afaria Ulibeltzak elkartean, ondotik sorpresa eta dantzaldia AGERRALDErekin.
urtarrilak 24 -larunbata karrika
10:00 Gosaria Itturburu ostatuan.
Ondotik Karrikaz karrika eskean ibiliko dira Modesto eta Joxe Angelekin.
14:00 Eskean dabiltzanentzat bazkaria Fonda ostatuan.
20:00/22:00 Dantzaldia Modestorekin udaletxeko arkupeetan.
Gauean Afaria Elor-txurin.
urtarrilak 25 -igandea karrozak
11:30 Karrozen desfilea Galtzagorri txarangarekin, opillak, gaztainak, hezur salda, tortilla eta ardoa banatuko dira ikusleen artean.
Ondotik Zerri eta bildots zozketa.
14:30 Bazkaria Ulibeltzak elkartean.
Sunbilla, Leitza, Ituren, Aurtitz eta Zubietako inatueriak 09